Ultraeskuina baztertzeko, «hitzarmen errepublikanoa» aldarrikatu du PSk
Pasa den igandean Estatu frantsesean egindako kantonamenduetako hauteskundeek mugimendu ugari eragin dituzte azken orduetan. Alderdi Sozialistak batasunerako deia egin du, eta kontserbadoreek, ordea, boto-emaileen boto askatasuna defendatuko dutela argi utzi dute.
GARA
«Eskuin muturra zokoratu beharra dago». Dei hori egin zien atzo Benoit Hamon PSko bozeramaileak boto-emaileei, kantonamenduetako hauteskundeen karietara datorren iganderako deitua den bigarren itzulian eragin nahian. «Boto-paper egokiena hautatzea beharrezkoa da; UMPrena baldin bada, erabil ezazue zalantzarik gabe, Fronte Nazionalak eskuratu ez dezan».
Pasa den igandean Estatu frantsesean egindako bozek nabarmen mugiarazi dute herrialdeko panorama politikoa. Aurreikuspenek iragarri moduan abstentzioa nagusi izan bazen ere -%54,7koa, iturri ofizialen arabera-, Marine Le Penen Fronte Nazionalak jasotako aupadak -botoen %15,06 jaso ditu, PSren (%25,39) eta UMPren (%16,77) atzetik- izugarri baldintzatu ditu alderdi batzuen zein besteen ekinbideak; PSk, hain justu, martxoaren 27an Fronte Nazionalarekin izan dezakeen aurrez aurrekoa saihestu nahian, alderdien arteko batasunera hots egin zuen atzo, eta ordezkari ezkertiarrik ez den barrutietan hautagai kontserbadorearen aldeko botoa ematera deitu ditu boto-emaileak.
«Hitzarmen errepublikanoa» bezala ezagutu dena sendotuta irten da horrela, Alderdi Komunistak zein Ekologistek bigarren itzulian batera aurkeztuko direla iragarri baitute. Alta, UPMk, bere idazkari nagusi Jean-Francois Coperen bidez esana du ez duela hautagai ezkertiarren aldeko botorik eskatuko, ezta Fronte Nazionalaren aldekoa ere; lehia horretan, boto-emaileen boto askatasuna defendatuko dutela nabarmendu dute. Alderdi barruan, dena den, guztiek ez dute jarraibide horrekin bat egiten; alderdian pisu handia duten hainbat kidek, tartean hainbat ministrok, fronte ezkertiarraren aldeko apustua erakutsi baitute.
«Lerro ofizialean» ez dela «inflexio unerik egongo» adierazi zuen atzo Nicolas Sarkozy Estatu frantseseko presidente eta UMPko buruak. Alderdi barruan «hitzarmen errepublikano» baten alde zabalduko ahotsak isilarazi nahi izan zituen horrela.