GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak Binakakoa

Berriro ere Waltariren sakeak erabaki du

WALTARI-LANBERT 40

LANBERT-HARIZMENDI 25

Jon LEUNDA

Waltari tartean bada, bere aurkariak partida hasi aitzin neurketa ia galduta dutela kantxaratzen dira, eta horixe bera gertatu zen atzo Donibane Garazin Berezkoen Binakako Txapelketako partidan. Kubatarrak eta Ximun Lanbertek finalerdietan izateko lehen urratsa eman zuten.

Lanbert anaien arteko dema oso ezberdina izan zen. Ximun ongi aritu zen, lasai, Waltariren babesean, eta oso itxura ona eman zuen. Laurent, berriz, beste era batera aritu zen. Ez zen ongi moldatu Harizmendirekin, bere atzelariarekin, eta ez zuen eman itxura onik.

Partidaren gakoa, beste behin, Waltariren sakean egon zen. Kubatarrak lehen jokaldiari esker hamabost kintze egin zituen, ia erdiak, eta Harizmendik errestoan ekarritako beste batzuk ere ederki baliatu zituen kintzea finitzeko. Horrelakoetan ez dago zereginik.

Emozioa lehen tantoetan baino ez zen sumatu, zazpigarrenera bitarte. Hortik aitzinera berehala erabaki zen auzia. Garaileak apurka-apurka zuloa egiten hasi ziren, eta berehala ikusi zen garaipenak zein bide hartuko zuen, eta apustulariek ere azkar utzi zioten dirua jokatzeari. Amaieran lehen garaipena Waltarirentzat eta Ximun Lanbertentzat, eta garbi geratu zen ez dela azkena izango, izan ere gaur egun kubatarra beste maila batean dago. Botearekin bakarrik ia partida erabakita uzten du, eta berari aurka egitea ia ezinezkoa da edozeinentzat.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo