Mikel Aramendi Kazetaria
Bradley E. Manning eta Raymond A. Davis
Armaz mehatxatuz lapurreta egin nahi zioten bi gaizkile zirela argudiatu zuen Davisek; dirudienez, ISI Pakistango zerbitzu sekretuetako kideak ziren hildako biak, eta Davis jagoten ariko ziren
Ez naiz ni Plutarko, alafede, eta ez dut keronearrarekiko kidetasun handirik, nabarmena denez. Agian horrexegatik, iraganeko bizitza paraleloak baino askoz errazago kausitzen ditut gaur egungo bizitza kontrajarriak. Eta badut non aukeratu, ez pentsa, gero halakoen kontra-izanak kontatzeko oso trebea ez banaiz ere. Oraintxe bertako adibide batekin saiatuko naiz gaur. Herrialde berberean eta garai bertsuan jaioak ez ezik, antzeko lanbidean, eta finean, nagusi berberarentzat ari zirela saltsa marduletan sartu direnean, guztiz trataera desberdina jaso duten bi pertsona.
Bata, Bradley E. Manning soldadua, aski ezaguna da, Ameriketako Estatu Batuetako Armadan inteligentzia (?) analista lanetan ziharduen bitartean eskura zituen milaka dokumentu sekretu eta ez horren sekretu kopiatu eta Wikileaks atariari eman zizkiolako, itxura denez; musu truk, haietako askotan nabarmentzen ziren zikinkeria eta bidegabekeriekin nazkatuta zegoelako. Atxilotu eta presondegi militarrean sartu zuten iazko maiatzean, eta han dago izugarrizko zigorra ezar diezaiokeen epaiketa militarraren zain. Baina ez da hori dena: presondegiko zaindariak, berariaz, Manning soldadua izorratzeko ahaleginak eta bi egiten ari dira, legea hautsiz edo itzuri eginez askotan. Anartean, hark filtraturiko dokumentuetako batzuk bederen irakurri ahal izan ditugunok ez dugu gaiztakeria baten hartzaile izan garen sentipenik, eta jakitunago sentitzen gara inondik ere. Bestalde, inork ez du oraingoz frogatu inori bidegabeko kalterik eratorri zaionik filtrazio horiengatik...
Bigarrenari, aldiz, Raymond Allen Davis deitu beharko diogu, haren benetako izena hori dela oso segurua ez bada ere. Bidenabar, bere biografiaren gainerako datuak ere zalantzagarriak dira, Manningek baino dozena bat urte gehiago dituela argi dagoen arren. Itxura denez, CIAko agentea edo antzeko zerbait da, eta horrek argituko luke hainbesteko iluntasuna. Hartara ere argitzen ez dena, haatik, Davisek aurtengo urtarrilaren 27an Pakistango Lahoren egin zuena litzateke: autoan zihoala alboan ipini zitzaizkion bi motorista tiroka akabatu zituen eta, anabasaren ondoriozko istripuan, hirugarren bat hil zen. Armaz mehatxatuz lapurreta egin nahi zioten bi gaizkile zirela argudiatu zuen Davisek; dirudienez, ISI Pakistango zerbitzu sekretuetako kideak ziren hildako biak, eta Davis jagoten ariko ziren. Argi dago, ordea, legez kanpoko arma eta dokumentazioak zerabiltzala Davisek. Hilketaren ondorioz Pakistanen sutu den iskanbila egundokoa izan da, eta AEBekiko harremanak kinka larrian egon dira. Azkenean, ospe gaiztoko lege islamdarrak eman die konponbidea alde bietako politikariei, eta salbatu dio lepoa Davisi: herrialde hartan indarrean dagoen xariak zilegitzen duen eran, Davisek (?) diyya edo odol-ordaina eman omen die erail zituenen ahaideei, eta libre geratu da. Dirutza handia izan behar duenez (1,5 eta 3 milioi dolar artean, kalkulu baten edo besteren arabera), mundu guztiak ziurtzat eman du pagatzaileak, finean, Gobernu estatubatuarra izan behar duela.
Norberak atera ditzake ikaspen moralak.