GARA > Idatzia > Kultura

Brontze Aroko meategietako arrastoak topatu dituzte Aralarren

«Erromatarren garaitik gu izan gara sartzen lehenak, ez da beste inor izan, eta egindako aurkikuntzak balio handia du, aukera handiak zabaltzen ditu», nabarmendu du indusketa lanetan aritu den Felix Ugarte elkarteko presidenteak, Txomin Ugaldek. Duela 3.500 urteko putzuak, galeriak eta ehunka metroko zanga luzeak topatu dituzte Aralarko Arritzagan, teknikoki hagitz konplexuak. Meatzaritzaren garrantziaren berri eman eta ikuspuntua aldatzen dutenak.
p039_f02.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

«Aurkikuntza honek iritsi behar zuen, eta iritsi egin da», baieztatuz hasi zen Mertxe Urteaga, Arritzagako proiektu arkeologikoaren zuzendaria. Zergatik zegoen honen beharra? Adituak azaldu zuenez, Gipuzkoa hagitz lurralde aberatsa da meatzetan; XIX. mende bukaeran eta XX. aren hasieran ehunka meategi ari ziren lanean. Jaen eta Gipuzkoa dira Estatu espainolean meatze dentsitate gehieneko lekuak. Gaur egun, meazuloak itxita daude, ezin izan diotelako kanpoko lehiari aurre egin edo mineralak agortu direlako. Edozein modutan, Urteagak nabarmendu zuen bezala, naturak emandako baliabideak hagitz onak eta oparoak dira.

Aralar ezaguna da trikuharri anitz dituelako, baina kobrezko meatzaritza ere benetan garrantzitsua izan da bertan 1965ean meatzeak itxi zituzten arte.

Felix Ugarte Elkarteko espeleologoek egindako aurkikuntzen testuinguru arkeologikoa zehaztu zuen Mertxek: Brontze Arokoak dira, K. a. 2000. urtetik 500era artekoak. Gainera, kontuan hartu behar dugu Mendebaldean gaudela. «Ekialdeko egoera oso ezberdina zen: Kretako mundu minoikoa, Mesopotamia, Egipto... Mendebaldean, Galesen zeuden meatoki inportanteenak, Bulgarian eta Errumanian ere bai. Iberiar Penintsulan, aldiz, Asturiasen eta Huelvan». Testuinguru hau aintzat hartuta, Aralarreko aurkikuntzak goi mailakoak direla nabarmendu zuen adituak. Meazuloen tamainagatik ere bai: 50 metro baino gehiago. Eta meatzaritzaren bertze ikuspegi bat ematen digutelako.

«Orain arte gure garaiko aztarnak zirela pentsatzen genuen. Baina garbi dago ez dela horrela. Gure historia aztertzeko zutabe handi bat da meatzaritza, eta gauza asko dago egiteko, ez Arritzagan bakarrik, meatzaritza bere osotasunean miatu behar da. Begiratu, barruan sartu. Orain badugu eredu bat jakiteko zer itxura duten antzinako minen aztarnek».

Meazulo barrenean lan egitea zaila, arriskutsua eta neketsua dela ohartarazi zuen proiektuaren zuzendariak; pixkanaka, gauzak ongi eta lasai eginez, emaitza gehiago lortuko dituztela konbentzituta dago, ordea.

Bertze iparrorratz bat

Aitzinetik Bankan ere egin dituzte aurkikuntzak: XVIII. eta XIX. mendeetako aztarnak topatu dituzte, baita erromatarrak eta historiaurrekoak ere. Aralarren ez bezala, bertze ustiapen lan handiago batzuen artean aurkitu dituzte.

«Meatzaritza ez dugu horrelako begiekin ikusi orain arte -berretsi zuen Urteagak-. Meatzaritza erromatarren ustiapena izan zela jakitea aldaketa bat da. Historiaurrekoa ere bazela jakitea beste bat». Zergatik izan zen Gipuzkoa pasabide bat Brontze Aroan? Meatzaritza garrantzitsua zela jakiteak aztarna bat ematen digu, iparrorratz bat.

Indusketak Felix Ugarte Elkarteko espeleologoek egin dituzte 2008az geroztik, Arkeolan fundazioarekin lankidetzan eta Gipuzkoako Aldundiaren diru laguntzaz. 50 metro inguruko galeria batean aritu dira batez ere, eta hainbat zangatan; horietako luzeena 5.000 metro luze eta bost metro sakon da. «Meatzaritza teknika oso aurreratuak erabiltzen zituzten, beraz, pentsatzekoa da meategia egin zutenak pertsona adituak eta trebatuak zirela», adierazi zuten lan taldekoek.

Txomin Ugalde espeleologo elkarteko presidenteak orein baten adarraren argazkia erakutsi zuen. Arritzagako altxor bat da, aurkikuntzaren adierazgarria.

BARRUA HUSTU

Topatutako galerian lehenbiziko meatzarietatik hasi eta azkenekoetara arteko arrastoak daude. Denek egin dute lan espazio berean, hondakinak kanpora atera gabe. Galeria hustea da orain asmoa, ongi gordetako mila altxor daudelako bertan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo