GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

ŤOrtzadar maillotak asko motibatzen nau; erronkarik garrantzitsuena dať

p037_f01.jpg

Leire Olaberria

Txirrindularia

Mallorcatik astelehenean joan zen Herbeheretara, eta gaur ekingo dio Ikaztegietako txirrindulariak Apeldoorn hirian jokatzen den Munduko Txapelketari. Omnium probak duen zailtasuna kontuan izanda, jakina da podiuma, zer esanik ez urrezko domina, garesti egongo dela, baina Olaberriak berak dioen moduan, «helburua lortzea itzela litzateke, are gehiago munduko txirrindulari onenen aurka».

Arnaitz GORRITI

Lasai da Leire Olaberria telefonoaren beste muturrean, egin beharrekoa egin izanak ematen duen lasaitasunarekin. «Lanak eginda daude», dio. Apeldoorn hirian dago, omnium proba noiz hasiko zain. «Urteko erronka garrantzitsuena da hau».

Zer moduz Munduko Txapelketaren atarian?

Oraingoz oso lasai eta motibazioz oso altu. Hiru astez lan espezifikoa egiten jardun dugu urteko erronka garrantzitsuena prestatzeko eta gustura nago. Lanak eginda daude dagoeneko.

Nolakoa izan da lan hori?

Batez ere erlojuaren aurkako hiru probetan zentratu naiz: jazarpena, 500 metroak eta belodromoari buelta osoa. Dominarik irabazteko hor oso indartsu egon beharko da. Bestalde, omniumak beste hiru proba ere baditu: scratch-a, puntuaketa eta kanporaketa. Hor ere buru-belarri aritu behar da.

Gustura zaude hiru asteotan egindako lanarekin?

Oso gustura. Beijingen eta Manchesterren izandako Munduko Kopako probetan fisikoki indartsu nabaritu nuen nire burua, baina zenbait akats oso garesti ordaindu nituen. Akats horietatik ikasten aritu gara, Munduko Txapelketan edo Olinpiar Jokoetan gauzak aldrebestuz gero nola jokatu ikusteko, betiere fisikoak erantzuten badu, noski.

Laugarren izan zinen Beijingen eta bosgarren Manchesterren. Zerk atera zintuen podiumetik?

Kontu oso taktikoak dira. Oso garrantzitsua da arerioak aztertzea eta horren arabera prestatzea norberaren estrategia; momentu egokia bilatu behar da, edo, bestela, probara moldatzen jakin behar da.

Denok ditugu puntu indartsuak eta ahulak; nire kasuan, adibidez, esprinta da nire indargunea. Azken finean, aurkariari min emateko zer egin aztertzen dugu guztiok. Hanka-sartzeetatik ikasi dugu, eta, ostean, bakarka lana borobildu.

Zeintzuk izango dira zure aurkari nagusiak?

Batez ere bi: AEBetako Sarah Hammer, Munduko Kopako hainbat proba irabazi dituena, eta Tara Whitten kanadarra, munduko egungo txapelduna. Beste lauzpabost aurkari arriskutsu ere badaude; hori bai, denek dute ahuleziaren bat.

Urteko zita garrantzitsuena da, baina 2012ko Londreseko Olinpiar Jokoak ere ate joka daude jada.

Jakina, baina tira, rankingeko hamazortzi onenak doaz Jokoetara, eta asko aldrebestu beharko lirateke gauzak han ez izateko. Ortzadar maillotaren zitak berak ere asko motibatzen nau. Aurten prestakuntza aldatu dugu; Suitzan irailean hasi ginenetik pistan denbora gutxiago eman dugu, pistak asko ahitzen baitu. Egia esan, asko ari naiz gozatzen. Tentsio handia bizitzen da omniumean, baina, aldiz, helburuak betez gero, gehiago disfrutatzen da.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo