GARA > Idatzia > Euskal Herria

EHBaiko Bacho erretiratuta, Donibane Garazin bi hautagai izango dira lehian

Donibane Garaziko kantonamenduan azkenean ez da hiruren arteko hauteskunde lehiarik izango datorren igandeko bigarren itzulian, Dominique Bachok (EHBai) erretiratzea deliberatu baitu. Hala, Iholdiko kantonamenduak baino ez du izango hautagai abertzalea.

p014_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Joan den igandeko lehen itzuliaren ostean, bi hautagai abertzalek zuten berriro aurkezteko aukera: Daniel Olzomendi Iholdiko kantonamenduan eta Dominique Bacho Donibane Garazikoan.

Alta, Bachok erretiratzea deliberatu du, eta, horrenbestez, ez da hirukorik izango lehian. EHBaik ez du inoren alde bozkatzera deitzeko asmorik. Beraz, PSko Frantxua Maitia eta Forces64ko Jean-Marie Mailharro izango dira aurrez aurre kantonamendu horretan.

Horiek horrela, dagokien kontseilari nagusia hautatzeko bozkatuko duten bederatzi kantonamenduetan (Hazparnen lehen itzulian hautatu zuten) ezkerra-eskuina lehia klasikoa izango da, Baiona-iparrekoan izan ezik.

Bi ezkerreko

Han bi hautagaiak ezkerrekoak izaki ere, azkenean FGko Marie-Jose Espiaubek ez du atzera egin eta PSko Christophe Martin egungo kontseilariarekin lehiatuko da. Erabaki hori ez da Martinen gustukoa izan, aurretik aurkeztu izan diren hauteskundeetan (udalekoak eta 2004ko kantonamendukoak) boz gehien erdiesten dituen hautagaiaren alde egiteko konpromisoa baitzuten.

Igandeko itzulitik kanpo geratu diren hautagaien sostengua bereganatzeko ohiko lasterketan badira, halere, beste zurrumurru batzuk. Esaterako, Baiona-mendebaldean: eskuineko hautagai François Gouffrantek (PRV) ziurtzat eman badu ere F0rces64ko Monique Larran-Langek bere alde bozkatzera deituko zuela, orain arte bertako kontseilari izan denak ez dela halakorik nabarmendu du.

Larran-Langek 2004an PSko siglapean erdietsi zuen Paueko eserlekua. Handik hiru urtera zentristara pasatu zen, eta hala aurkeztu zen berriro joan den igandean. Alta, emaitza oso kaskarrak izan zituen eta arrunt gaitzitua zen emaitzak ezagutu ostean.

Desadostasunak gorabehera, Europe Ecologie-Berdeek Paueko Kontseiluan eskuinari gehiangoa kentzera deitu du, Front de Gauchek bezala.

PNBk, berriz, ez du kontsignarik eman. «Nor bozkatu aukeratzeko hautesleak aski helduak» direla adierazi du. Alabaina, geratzen diren hautagaiak interpelatzeko asmoa du, batez ere, euskarari, Ipar Euskal Herrirako Lurralde Elkargoaren beharrari eta Euroeskualde bat sortzeko proposamenei buruz, zer dioten jakinarazteko hautesleei.

lau ETA bost

Kontseilaria hautatzeko geratzen diren bederatzi kantonamenduetatik, hirutan (Biarritz, Iholdi eta Bastida) eskuina mantenduko da eta batean (Baiona-ipar) ezkerra. Beste bostetan, lehia gogorra izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo