Pauek Segiko hiru gazteen kontrako euroaginduak onartu ditu
GARA |
Endika Perezen eta Jazint eta Xalba Ramiren anaien kontrako euroaginduak ontzat eman zituen atzo Paueko Instrukzio Epaitegiak. Hirurek helegitea jartzeko asmoa dute.
Jon Goio Jimenez tolosarraren kasuan, berriz, informazio gehigarria eskatzea deliberatu zuen auzitegia berberak. Alde batetik, Peio Olano lizartzarraren adierazpenez gain, Jimenezen kontrako beste elementurik ba ote duen galdetuko dio Madrilgo Auzitegi Nazionalari. Halaber, atxiloketa garaian Olanok jasandako torturen salaketarik ba ote dagoen egiaztatzea, eta hala balitz, ikerketa prozedura hasia den jakinarazteko eskatuko dio.
Madrileko auzitegiaren erantzuna jaso, eta salaketaren nondik norakoak finkatu artean, tolosarraren kontrako euroaginduari buruzko erabakia hartzeko prozedura eteteko eskatuko du bere abokatuak.
Berrikitan hala onartu du Versailleseko auzitegiak Oihana Mardaraz Fresnesen espetxeratu duten euskal preso politikoaren kasuan. Mardarazen kontrako euroagindua Ibai Beobideren aitorpenean oinarritu zen, eta hark ere, tortura salaketa egina du.
Jimenezen euroaginduari buruzko erabakia apirilaren 5ean jakinaraziko du Paueko auzitegiak.