GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Medikuntza digitala

Bizi kalitatea hobetzea xede, puntako teknologian oinarritu dira Miramonen

Ez dira hasiberriak honetan, baina atzokoan Vicomtech-IK4 ikerketa aplikatuko zentrokoek, medikuntza digitalaren alorrean egindako ikerketen eta berrikuntzen berri eman ziguten. Helburua zera, prebentzioa hobetzea eta osasun sistemaren eraginkortasuna eta herritarren bizi kalitatea hobetzea. Medikuntzaren digitalizazioa atzeraezinekoa baita.

p018_f02_139x093.jpg

Ana ABARIZKETA

Mantal zuriz jantzita hartu gintuzten atzo Miramongo Vicomtech-IK4 zentroan. Duela hamar urte jaio zen berau, eta geroztik, hainbat ikerketa proiektu garatu ditu, osasun sektoreko enpresekin eta erakundeekin, «ospitale digital hedatua»-ren kontzeptuaren barnean. Azkenaldian, hala ere, ekipamendu berriaz hornitzeko premia antzeman dute, hau, batez ere, merkaturatu aurretik, medikuntza arloan euren teknologiak diseinatzeko eta egiaztatzeko arazoak dituzten enpresa txiki eta ertainetan nabarituz. Beraz, arakatutako gabezietan lupa jarri eta medikuntza digitalaren teknologiak ikertu, esperimentatu eta hauek testuinguruan jartzea ahalbidetuko duen ekipamendu berriak erosi dituzte.

Zeintzuk izango dira baina onuradun nagusiak? Besteak beste, medikuntzako profesionalak noski, eguneroko medikuntza praktikoa gauzatzeko tresna aurreratuagoak izango dituztelako; baita medikuntzaren jarraipena zuzena behar duten pertsonak edo etxean geratu eta burujabetasunez bizi nahi duten pertsona nagusiak ere. Ildo berean, mugitzeko zailtasuna duten edo ezgaitasun kognitiboak eta sentsorialak dituzten pertsonei ere abantaila ekarriko die. Osasun ekipamenduak eta produktuak ekoizten dituzten enpresak eta osasunaren gaineko ikerketan erreferentziazkoak diren zentroak ere baliatuko dira teknologia berri honetaz. Baina zertan datza zehatz-mehatz Vicomtech-IK4 zentroan ikusitakoa?

Bi espazio berritzaile

Ekipamendu eta obretan 2.000.000 euro baino gehiago inbertitu dira, zati handi bat diru publikotik jasoz. Atzokoan, laborategiko bi ingurune erakutsi zizkiguten, bata, Etorkizuneko Arreta Etxe Digital gisa izendatua, eta bestea, Profesionalari zuzendutako Ospitale Digital Hedatua.

Aurreneko laborategian barrena punta-puntako teknologia aurkitu genuen. Telebista eta ordenagailu pantailetan bista jarri, eta laborategi hauek pertsonek izan ditzaketen patologiak eraginkortasun handiago batez etxetik kontrolatzeko aukera ematen duten ekipamenduak direla azaldu ziguten, medikuak, betiere, urrunetik gainbegiratuz. Ikusezina den medikuntza. Horixe da xede nagusia, etxean ahalik eta inbasio txikiena eragiten duen medikuntza integratua izatea.

Beste laborategia, Ospitale Digital Hedatua delakoa, medikuntza arloko profesionalei zuzenduta dago, izan ere, eta laborategira bertaratu bezain laster, ebakuntza-gela batekin egin genuen topo. Esku-ohe gainean gizaki itxurako maniki batekin. Bizidun artifizial honekin egiten dituzte, hain justu, premiazko kirurgia simulazio probak. Kirurgia gela integratuan, manikiaz gain, endoskopioak eta kirurgia simulagailuak ere instalatu dituzte ikerketak burutu ahal izateko.

Laborategi honen helburua baita, finean, osasunaren sektoreko profesionalentzako teknologia berritzaileak ikertzea, horrela ahalbidetu ahal izango baita gaixoen urruneko jarraipena, batetik; eta monitorizazioa gauzatu ahal izateko eta egunerokotasunaren jardueretan urrunetik laguntzeko modua, bestetik.

Ongizate estatua funtsezkotzat hartuz, pertsonen bizi baldintzak ahalik eta onenak izateko pentsatutako proiektua baita atzo Miramonen ikusitakoa.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo