GARA > Idatzia > Ekonomia

Murrizketen aurka hiru orduko lanuztea egin dute haur eskoletan

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Haurreskolak Partzuergoko langileek hiru orduko lanuztea egin zuten atzo zerbitzu publiko honetan ezarri dituzten murrizketek haur eskoletako antolaketa kaskartu eta langileen lan pedagogikoa zaildu egiten dutela salatzeko.

p025_f02.jpg

A. Z.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 222 haur eskoletako langileek hiru orduko lanuztea egin zuten atzo ezarri dizkieten murrizketak salatzeko. Langileen ordezkaritzaren %85 baino gehiago duten LAB eta STEE-EILAS sindikatuek prentsa ohar batean adierazi zutenez, 700 hezitzaile inguruk elkarretaratzea egin zuten Haurreskolak Partzuergoak Eibarren duen egoitzaren aurrean, eta beste 60 lagunek auto karabana burutu zuten 12.00etatik 13.00ak arte.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako haur eskolak kudeatzen dituen Partzuergoko langileek, bai kudeaketan aritzen direnek bai hezkuntza arlokoek, bizi duten egoera publikoki salatzeko beharra dutela adierazi zuten LAB eta STEE-EILASek. Izan ere, zerbitzu publiko honetan ezarritako murrizketek haur eskoletako antolaketa eta funtzionamendua kaskartu egiten dutela uste dute sindikatuok, baita langileen jarduera pedagogikoa erraztu beharrean zaildu egiten dutela ere.

Uneotan 1.500 langile baino gehiago daude haur eskoletan, eta, salatu dutenez, 2009. urtetik Partzuergoa langileen kontura dirua aurrezten ari da. Horren erakusle, 2009ko aurrekontuetan langileei %4ko soldata igoera ezartzeko partida bideratu bazen ere, langileei %3ko igoera ezarri zieten errealitatean. Neurri horren aurkako salaketa aurkeztu zuten sindikatuek eta epaileak arrazoia eman die. Gainera, EAEko 2010eko Aurrekontu Orokorrak aldatzeko iaz onartutako Legea erabiliz, langileen soldaten jaitsiera are eta nabarmenagoa bilakatu da. Hori gutxi balitz, aurten soldatak %2,45 jaitsiko dituela jakinarazi du Partzuergoak. Horiek horrela, honako salaketa egin zuten atzokoan LAB eta STEE-EILASek: «Gastu publikoa murrizteko aitzakiarekin gure soldata zein lan baldintzen murrizketak irtenbide eraginkor bakarra direla argudiatzen dute».

Era berean, murrizketek langileen lan baldintzetan zein haurren ongizate eta heziketa eskubidean eragin itzela dutela salatu zuten sindikatuek. Besteak beste, langileen ordezkapenak egun batzuk beranduago betetzen direla edo bete gabe gelditzen direla, jarduerak prestatzeko denbora gutxiago dutela, gelan haurrekin antolatutako jarduerak hezitzaile bakarrarekin egitea ezinezkoa dela edo koordinazio lanak egiteko denbora gutxiago dutela salatu zuten.

Horrekin batera, bazkalorduetan hezitzaile gutxiago daudela, gurasoekin hartu-emanak laburragoak direla, kudeaketako langileak ez direla ordezkatzen, gero eta lan karga handiagoa dutela eta hezitzaile bakar bateko haur eskola txikien kopurua asko handitu dela ere adierazi zuten.

Egoera ikusita, langileen lan baldintzetan eta Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen dituen zerbitzuetan murrizketarik onartuko ez dutela aldarrikatu nahi izan zuten LAB eta STEE-EILASek atzoko lanuztearekin. «Kalitatezko zerbitzu baten aldekoak gara. Etapa hau, dituen berezitasunengatik, hezigarria da. Horregatik, gainontzeko etapetan bezala, ume guztiek heziketa jasotzeko eskubidea dutela uste dugu», nabarmendu zuten sindikatuok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo