GARA > Idatzia > Kultura

Hamabi gazteren narrazio eta poesia lanek eskuratu dituzte R.M. Azkue literatur sariak

Idazle gazteak literaturara erakartzea xede duen Resurreccion Maria Azkue literatur sariak banatu zituen atzo Euskaltzaindiak. 11 eta 18 urte bitarteko hamabi gazte izan dira sarituak, narrazio eta olerki alorrean.

p040_f01_148x76.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Literatur sorkuntza gaztetatik bultzatzeko asmoz Euskaltzaindiak eta BBK-k 2010eko R.M. Azkue sariak banatu zituzten atzo Bilbon. Bi adin mailatan banatuta, guztira aurkeztutako 217 lanetatik narrazio eta olerki onenak eman zituzten ezagutzera. Epaimahaia Yolanda Arrietak, Igone Etxebarriak eta Antton Irustak osatu dute gazteenen mailan eta, 15 eta 18 urte bitartekoen kasuan, Joseba Butronek, Jabier Kaltzakortak eta Mayi Izak.

Narrazio alorrean, 11 eta 14 urteko tartean, Maialen Uriarte gernikarrak eskuratu du lehenengo saria, «Ametsa beste amets batean» lanarengatik. Bigarren saria Garazi Alegria pasaitarrarentzat izan da eta, hirugarrena berriz, Edurne Bilbao gernikarrarentzat. Maila honetan, gainera, epaimahaiak aipamen berezi bat gehitu du, Leire Akizu urretxuarraren lanarentzat.

18 urte bitartekoetan, Amaia Iturriotz urretxuarraren «Hango hodei bat hemengo zeruan» lana izan da lehenengo sariaren irabazlea eta ondoren sailkatu dira Elene Etxaniz bergararra eta Irati Oregi zumaiarra.

Olerkiari dagokionez, gazteenen mailan lehenengo saria eman gabe gelditu da, Yolanda Arrietaren esanetan, lan gutxi aurkeztu direlako eta hurrengorako «hobetzeko erronka moduan» hartzeko. Mikel Kaltzarkorta gernikarra eta Aritz Olarte oiartzuarra izan dira alor honetan sarituak.

Helduenen mailan, Asier Badiola pasaitarraren «Dortoken sekretua» lanak eskuratu du lehen saria eta ondoren sailkatu dira Anartz Izagirre azpeitiarra eta Mikela Atxoarena arrosatarra. Azken honek, hirugarrenez eskuratu du Azkue saria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo