Duela bi urte kendu zuen Madrilgo ordezkaria berreskuratu du Lakuak
GARA
Orain dela bi urte, Lakuako Gobernuak Madrilen zuen ordezkari kargua desagerraraztea erabaki zuen beharrezkoa ez zelakoan. Atzo, berriz, kargu hori berreskuratzea erabaki zuen gobernu bileran. Hain zuzen ere, orain artean Europar Batasunean Lakuako ordezkaria izan den Irune Agirrezabal izango da EAEk Madrilek izango duen ordezkaria.
Lakuako Gobernura heldu eta berehala, Madrilgo Ordezkaritza Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusitik kentzea erabaki zuen PSEk. Horrenbestez, azken bi urteotan bulego soil baten moduan aritu da lanean, ordezkari ofizialik edo arduradunik gabe. Atzoko bileran, aldiz, Madrilgo bulegoa berriro ere ordezkaritza mailara igotzea eta Agirrezabal kargu horretarako izendatzea erabaki zuen Lakuako Gobernuak. Aurrerantzean, Lehendakaritzaren Idazkaritza Orokorraren agintepean egongo da Madrilgo Ordezkaritza.
Lakuako Gobernuko eledun Idoia Mendiak atzo azaldu zuenez, duela bi urte harturiko erabakia orain aldatzearen helburua Madrilgo Ordezkaritza indartzea da, Gaztelako hirian «euskal interesei bultzada itzela» emango diotelakoan.
Mendia: «Ez da zuzenketa»
Kazetariek egindako galderei erantzunez, Madrilgo Ordezkaritza berreskuratzea Patxi Lopezen Gobernuaren politikaren zuzenketa bat denik ukatu zuen Mendiak. «Kudeaketan oinarrituriko erabakia da, Eusko Jaurlaritzak Madrilen dituen interesak hobeto koordinatu eta zaintzeko», esan zuen.
Mendiaren arabera, bi urteko esperientzian oinarrituta, «Madrilen euskal interesen eledun izango den, beste elkargoekin harremanak izango dituen eta Espainiako hiriburuan dauden euskal parlamentariei laguntzako ardura izango duen pertsona bat izatea» erabaki du Lakuak. «Ona dela ikusi dugu», erantsi zuen. Horrekin batera, Patxi Lopezen Exekutiboak «turistak zein inbertsio enpresarial eta ekonomikoak erakartzea» ere badu xede.
Hain zuzen ere, ezarritako helburuek Lakuak Euskadi bere mugetatik at ezaguna izateko duen egitasmoarekin bat egiten dute Mendiaren arabera. Hori da, hain zuzen ere, kargua berreskuratu eta orain arte Bruselan izan den Irune Agirrezabal Madrilera igortzeko arrazoi nagusia. Mendiak gogoratu zuenez, Agirrezabal Gobernu espainiarreko Presidenteordetzan lan egin eta gero heldu zen Lakuara. Madrilen Maria Teresa Fernandez de la Vega presidenteordearen taldean lan egin zuen, immigrazioaren lotutako gaiak jorratuz.