GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Oteiza munduaren eskuragarri

Zenbakiak baino ez dira; hala ere, zenbaki potolo horiek, Oteizaren obra eta eragina zenbakitan ezin neurtu badaiteke ere, obra horren eta egilearen pentsamoldea ulertu eta are artistaren sortze prozesuaren berri jakiteko tresnaren tamainaren eta garrantziaren adierazgarri izan daitezke. Euskal eskultore eta pentsalariak Nafarroako Gobernuari utzi zion artxibategiko 44.ooo fitxa eskuragarri daude Interneten, tartean 9.000 eskuizkribu, gehienak argitaragabeak.

Albiste ona da, inondik ere, Oteizak arteari eta hainbat jakintzari egindako ekarpenak denen eskura jarri izana, kultura, jakituria demokratizatzea den aldetik. Inork ez du Jorge Oteizaren garrantzia zalantzan jarriko, ez Euskal Herrian ez nazioartean, eta haren obraren eta pentsamenduaren ikerlarien kopuruak hala berresten du. Nolanahi ere, dokumentuak ikerlari horientzat guztientzat ez ezik, oriotar artistaren ekarpenak jakingura eragiten dion edozein herritarrentzat ere badaude eskuragarri. Izan ere, Oteizak eta haren obrak ez dute zertan izan nolabaiteko elite batek baino ezin ikusi eta gozatu duen esparrua. Eskertzekoa da, horrenbestez, Oteiza Museoak egindako lan eskerga eta hura jendarteratu izana, artxibategi erraldoi hori katalogatu eta digitalizatu ondoren euskal eta munduko herritarren eskura corpus mardul bezain baliotsua jarri baitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo