GARA > Idatzia > Kultura

EHUk hamaika zalantza argi ditzakeen Sareko Euskal Gramatika aurkeztu berri du

Nerea GOTI | BILBO

EHUko Euskararen Institutuak Sareko Euskal Gramatika aurkeztu berri du. Interneten www.ehu.es/seg helbidean aurki daiteke eta euskal gramatikaren gaineko informazio zabala eskaintzen duen webgunea da.

Aipatutako helbidean sartuta, erabiltzaileak zenbait atal aurkituko du: hiztegia, morfosintaxia, fonetika eta fonologia, euskararen historia eta zalantzen txokoa, besteak beste, eta atal horietako bakoitzean aukera ezberdinak ere aurkituko ditu bilatzen duen informazio zehatzera heltzeko.

Erabiltzaileek hiztegi zehatz bat kontsulta dezakete, idazleek hitz bat nola erabiltzen duten ikusi edota aditzen deklinabidearen inguruko zalantza bat argitu, ohiko gramatika taulak kontsultatu beharrean.

Pello Salaburu Euskararen Institutuko zuzendari eta tresna honen egileetako batek bi berezitasun nabarmendu zituen; Interneterako egindako materiala dela eta, beraz, gramatika arruntek duten itxuratik urrun dagoela, eta «gramatika batean ikusten ez diren gaiak ere» aurki daitezkeela. Duen edukiera zabalagatik gramatika tradizionalaren euskarritik baino euskararen entziklopedia batetik hurbilago dagoela esan zuen.

Sareko Euskal Gramatikak, bestalde, etengabe berrizten den materiala eskaintzen duela nabarmendu zuten. Eskaintzen dituen lotura ugariak nabarmendu zituen, argazkiak, bideoak edota Goenkaleko irudiak euskaraz azpititulatuak, esaterako.

Euskarri horiekin guztiekin, webgune honek erabilera ugari izan ditzakeela azaldu zuen, bai ikertzeko bai euskara ikasleentzako. Oinarrian dauden testu corpusak, XXI. mendekoak direla azaldu zuen EHUko errektore ohiak, «hizkuntzaren erabileraren adibide errealak», zehaztu zuenez, eta «gure ustez, euskara txukunean idatzitakoak».

Salaburuk gaineratu zuen testu masa handi horiek, idazleek edota kazetariek egiten duten erabileraz gain, esaldiak erabiltzen diren testuinguruak ere eskaintzen dituztela.

Bestalde, euskara hiztegi ezberdinak kontsultatzeko aukera ematen duela nabarmendu zuen, eta guztira 25 milioi hitz aurki daitezkeela zehaztu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo