Nafarroa Behereko gazte elkarteek antolaturik, Gazte Eguna izanen da bihar Donazaharren
Ainize BUTRON | BAIONA
Gazteak beren herrian «bizi eta lan» egiteko eskubidea dutela adierazi nahian Nafarroa Behereko hainbat herritako gazteak elkartu dira, lehen aldiko, Gazte Eguna antolatzeko.
Garaziko gaztetxea, Donapaleuko Aldaka gaztetxea, Baigorriko Basaizea elkarteko gaz- teak, Donazaharreko gazteria eta Oztibarreko Bota gaztetxeko kideak bildu dira ekimen honetan. Besta hori antolatzeko xedea Garaziko gaztetxeko kideek izan zuten hasiera batean, eta, ondotik gainerako elkarteei zabaldu zieten.
«Gure burua ezagutarazteko eta gaztetxe bat sortzeko gunea bilatzeko kanpaina bat abiatu genuen -adierazi dute ekimen honen berri ematerako-. Lau data nagusi finkatu genituen, eta, horien artean zegoen gazte egun bat antolatzeko ideia», argitu dute.
Hasieran batean Garazin mugatuko zena, Nafarroa Behereko beste gazte elkarteei zabaltzea erabaki zuten ondoren. «Elkarrekin lan eginez, gure herrialdea animatzeko eta biziarazteko gai garela azaldu nahi izan dugu -nabarmendu dute antolatzai- leek-. Eta, elkartasuna eta aniztasuna sustatuz gazte guztiak bildu nahi ditugu egun horretan», erantsi dute.
Jai egun bat
Bihar, goizeko 10etan herri merkatuarekin hasiko da eguna. 13.00etan, trikitilariak alaiturik aperitifa eta bazkaria izanen dira, eta, gero, 17.00etan, poteoa eginen dute herriko ostatuetan. Gaueko hamarretan, berriz, Can't Esplain, Arti eta Mikel Hats taldeekin kontzertua izanen da.
Geroari begira, Gazte Eguna urteko hitzordua izateko xedea agertu dute antolatzaileek. «Aurtengo bestaren arabera hartuko dugu erabakia», zehaztu dute.
Tartean, Garazin gaztetxea sortzeko eskaerarekin jarraituko dutela argi utzi dute jai egun honen bultzatzaileek. «Kanpainak gure burua ezagutarazteko aukera eman digu, baina ez dugu egoitzarik lortu», ekarri dute gogora.