Berdintasunaren aldeko beste zazpi bereizgarri banatu ditu Emakundek
GARA | GASTEIZ
Emakundeko zuzendari Maria Silvestrek, Emakume eta Gizonen Aukera Berdintasunerako Lankidetza Erakunde izendatzen duen bereizgarria eman zien atzo Euskal Herriko zazpi erakundetako ordezkariei, hain zuzen ere, Asfedebi, Zubietxe, 97&SF, Lantegi Batuak, Bilur 2000, Limpiezas Bilur eta Prosetecnisa erakundeetakoei.
Bereizgarria 1994an eratu zuen Emakundek, emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko aurrerapausoak emateko konpromisoa hartzen duten erakundeei egindako lana aitortzeko eta, atzokoekin dagoeneko 59 erakundek dute bereizgarria.
Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde izateko beharrezkoa da enpresa barruan emakume eta gizonen egoera aztertzen duen diagnostikoa egitea, lehenik eta behin. Gero, ekintza positiborako plan bat diseinatu behar da eta berau aurrera eramateko konpromisoa hartu.
Ekintza positiborako plan honek zenbait helburu bete behar ditu, besteak beste, aukera berdintasunaren aldeko politika bultzatzea, langileak kontratatu, sustatu eta trebatzeko orduan; zuzendaritzako langileak eta langileen kontratazioan jarduten dutenak aukera berdintasunaren inguruan trebatzea; kontratazio, aukeraketa eta trebakuntza prozesuak aldian-aldian gainbegiratzea, hartu diren neurriak aplikatzen diren ala ez baieztatzeko. Halere, Emakundek urtero egiten du diru-laguntza deialdia.