GARA > Idatzia > Euskal Herria

Frankismoan ostutako haur kopurua egunez egun hazten ari dela dio Conde-Pumpidok

60ko eta 70eko hamarkadetan lapurtuak izan ziren haurren kopurua ia egunero gora egin ari dela esan zuen atzo Estatuko fiskal nagusi Conde-Pumpidok, eta fiskalei «ahalegin berezia» egiteko eskatu zien.

GARA | MADRIL

Diktadura garaian desagertutako haurren inguruko salaketen kopurua etenik gabe hazten ari da azken hilabeteetan Estatu espainolean. Atzo, Conde-Pumpido Estatuko fiskal nagusiak lapurtutako haurren kopuruak ia egunero gora egiten duela adierazi zuen. Horrekin batera, kasu bakoitzaren ikerketa «ahalik eta sakonena» izan dadin saiatuko dela ere nabarmendu zuen.

Horren haritik, Estatu espainoleko erkidego gehienetan prozedurak agertzen ari direla eta astero-astero kopurua handitzen ari dela azaldu zuen Conde-Pumpidok Cuencan. Hain zuzen, desagertutako umeen kasuak «ia egunero» gehitzen ari direla berretsi zuen.

Komunikabideek egindako galderei erantzunez, prozedura kopuru «esanguratsua» dagoela ohartarazi eta honakoa nabarmendu zuen: «Legeriak uzten digun muturreraino ikerketa ahalik eta sakonena egiten ahaleginduko gara».

Era berean, Conde-Pumpidok gogorarazi zuen Fiskaltzak fiskal bat izendatu duela banan-banako ikerketen inguruko eginbide multzoa koordinatzeko. Izan ere, «espainiar Estatuan salaketa bat jartzen duen hiritar bakoitzari bere kasuari dagokion ikerketa» egitearen aldekoak dira.

Gaur egungo egoerari dagokionez, ikerketa egitea «oso zaila» dela ere argi utzi nahi izan zuen, urte asko pasa delako lapurretak gauzatu zirenetik, eta beharbada, litekeena delako kasu asko eta asko preskribituta egotea. Beraz, fiskalei eskatu die «ahalegin berezia egin dezatela, horrela ustezko haur lapurretak lehenbailehen argitu daitezen».

Prozeduren izaeren inguruan ere hitz egin zuen Conde-Pumpidok atzo, horiek «oso desberdinak» izan daitezkeelako, izan ere, bereizketak egin behar dira legez kanpoko adopzioen, haurren salmenten eta «egiazko lapurreta edo bahiketen» artean.

Lapurtutako 130 haur

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere 130 kasu daude dagoeneko. Conde-Pumpidok atzo esandakoaz gain, maiz kaltetuak kexatu izan dira beraiek izan direlako ikerketa lan marduletan aritu behar izan dutenak.

Kasu gehientsuenak 60ko eta 70eko hamarkadetakoak dira, nahiz eta 80ko hamarkadakoak ere badiren. Lapurretok nola gertatu ziren argitzea ez da lan makala. Kasu gogorrak agertu dira eta biktimen nahia horiek ahal bezain laster argitzea eta senidea berreskuratzea da.

MUTURRERAINO

Candido Conde-Pumpidok atzo esandakoaren arabera, «legeriak uzten duen muturreraino, ikerketa ahalik eta sakonenak» egiten ahaleginduko dira.

IKERKETAK

Gaur egungo egoerari dagokionez, «ikerketa lana zaila» da, besteak beste, kasu hauek gertatu ziren garaitik urte ugari pasatu delako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo