GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kostaldean zetazeoak ikusteko egitasmo berria jarriko dute abian bihar

Ambar Itsas Faunaren Kontserbaziorako eta Ikerketarako Elkarteak, EAEko Biodibertsitatearen Zentroak eta Hegaluze enpresa nautikoak euskal kostaldean bizi diren zetazeoak ikusteko zerbitzu berria jarriko dute martxan bihartik aurrera.

p017_f02.jpg

GARA

Busturiako (Bizkaia) Madariaga Dorretxean kokaturiko EAEko Biodibertsitatearen Zentroak, Ambar Itsas Faunaren Kontserbaziorako eta Ikerketarako Elkarteak eta Hegaluze enpresa nautikoak «Zetazeoak 10etan» kanpaina jarriko dute martxan bihar. Egitasmoaren helburua itsas ugaztunen kontserbazioak duen garrantziaz kontzientziatzea eta euskal kostaldean dabiltzen zetazeoak ontzian egiten diren irteeren bidez bertatik bertara behatzea da, arduradunek jakinarazi dutenez.

Ekintza hau indarrean dagoen legeak zehazten dituen jokabideei lotuta egongo da; zetazeoak ez gogaitu, nekarazi eta kaltetzeko asmoarekin, bete beharreko jokabideak adierazten ditu legeak. Irteerak igandero izango dira, apiriletik urrira bitartean, 10.00etatik 14.00ak arte. Parte-hartzaileek zazpi urtetik gora izan beharko dute eta aurretik telefonoz izena ematea beharrezkoa izango da.

Irteera gidatuetan, Ambar Elkarteak emandako azalpenei esker euskal kostaldeko itsas faunak eskaintzen duen aberastasuna ezagutu ahal izango da. Gainera, hidrofono bati esker, itsasoaren eta itsas animalien soinuak entzungo dira. Hidrofonoak itsaspeko soinuak batu, audio seinale bihurtu eta datu neurgarrietan bihurtzeko konfiguratuta daude. Itsaspeko mifrokono hauek ur masa handien azterketa errazten dute, sakonera handiko urak izan arren baita urpeko igeriketa azterketa medio gisa baztertzen denean ere.

Hegaluze enpresak Euskalitek emandako Praktika Onen Ziurtagiria eskuratu du eta Urdaibaiko Biosfera Erreserba ezagutzera emateko helburuarekin itsas bidai desberdinak eskaintzen ditu.

Apirilaren 30erako, 60 pertsonarako gai den «Hegaluze Barria» ontzia ureratuko dute, itsas ugaztunak ikuskatzea erabiltzaile gehiagorentzako eskuragarri egongo delarik.

Ambar Elkartearen helburu nagusia itsas faunaren kontserbaziorako ekintza eta ikerketa desberdinen bidez hauei buruzko ezagutza hedatzea da. Gaur egun, Bizkaia eta Gipuzkoako kostaldean aurki daitezkeen itsas ugaztun (zetazeo eta pinnipedoak) eta itsas dortoka espezietan zentratzen dira.

ugaztunak

Itsasoan bizitzen badira ere, zetazeoak ez dira arrainak, ugaztunak baizik. Ugaltzeko ere ez dute lehorrerako biderik hartzen. Espezie asko desagertzeko zorian izan dira jasan duten ehiza dela eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo