GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria

Libururik kuttunena

Segurtasun arazoak saiheste aldera, nire kontuetako batera sartzeko pasahitza aldatzeko eskatu zidan aipatu kontua kudeatzen duen erakundeak duela egun batzuk. Prozedura laburra zela eta ez zidala denbora handirik kenduko esaten zuen erakundeak bidalitako mezu elektronikoak. Pasahitz zaharra sartu, berria aukeratu, segurtasun galdera pare bati erantzun, eta kitto.

Lehen bi parteak erraz asko bete nituen, baina segurtasun galderen atalera iristerakoan egoera surreal samarrean aurkitu nuen neure burua. Sei galderetatik bi aukeratu behar nituen. Haietako lau berehala baztertu nituen, batetik, txikitan maskotarik izan ez nuelako, bestetik, ez naizelako gogoratzen zein zen haur eskolan gogokoen nuen irakaslea (denak gogoko nituela esango nuke), hirugarrenik, ez dudalako auto marka kuttunik, eta laugarrenik, amak izen bakarra duelako (ez bi, estatubatuarrek bezala).

Norbaitek esan dezake berdin duela zer erantzuten dudan, betiere informazio hori gogoratzeko gai baldin banaiz. Eta hortxe dago koska. Esperientziagatik dakit asmaturiko datuak erraz ahaztu ohi ditudala. Bi galdera, beraz, geratzen zitzaizkidan. Lehenengoak gustukoen dudan liburuaren izenburua galdetzen zidan; bigarrena, amamaren jaioterriari buruzkoa zen. Bigarren galderarekin arazorik ez neukan, baina lehenengoarekin... Posible ote da liburu bakarra hautatzea? Renoko etxean berrehun bat liburu inguru izango ditut, eta gurasoenean halako bi izango dira. Eta den-denak ditut gustuko. Eta erosi ez baina irakurri eta gustuko ditudan liburuak. Eta gero esango dute teknologiak gure bizimodua erraztea duela helburu.