GARA > Idatzia > Kultura

Liburu bat autismoa duten umeen ezaugarriak azaltzeko

Gaurko Autismoaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Erein argitaletxeak eta Gautenak eskolan ezaugarri hau duten umeak nolakoak diren agertzeko liburu bat aurkeztu dute, «Sam nire laguna». Liz Hannah egilearen ingelesezko lanaren egokitzapena da.

p045_f02.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Erein argitaletxeak eta Gautenak autismoa duen ume baten ezaugarriak azaltzen dituen liburu bat kaleratu dute. Bertan, dituen zailtasunez gain, alde onak ere aipatzen dizkiote irakurle gaztetxoari, nahasmendu hau zer den ezagutarazteko. Liz Hannah-k National Society elkarterako idatzitako lana egokitu dute, euskaraz eta gaztelaniaz.

Atzo prentsaren aitzinean agertu ziren Gautenako familien laguntzarako zerbitzuko arduraduna, Jimmy Brosa, Inge Lazkoz elkarte honetako psikologoa eta Ereineko Idoia Gonzalez. Datu batzuk eman zituzten: Europan eta AEBetan urteotan egindako ikerketek diotenez, eskola garaian dauden 150 umetatik batek Autismoaren Espektroko Nahasmendu bat izan dezake (AEN). «Esanahi bereziko zifra da, 80ko hamarkadan 10.000 haurren artean autismo kasu bat soilik agertzen baitzen. Igoera honen atzean, diagnostikoa egitean erabiltzen diren prozedura eta tresnen zehaztasuna egon liteke, profesionalen prestakuntza hobea, edo nahasmendu mota honen eraginaren benetako igoera bat», adierazi zuen Lazkozek.

Igoera honen aitzinean baliabideak areagotzen segitu nahi du Gautenak, eta Administrazioari laguntza eskatzeko aprobetxatu zuen aukera.

Liburua irakasleentzako tresna bat izatea nahi dutela erran zuten, gero eta gehiago baitira autismoa duten ikasleak. «Haur gehienak berehala ohartzen dira AEN duen umeek ezberdin jokatzen dutela eta erreakzioa eurek ere ezberdin jokatzea izaten da. Txikiagoak bezala tratatzen dituzte eta batzuetan, haserrealdietan adibidez, zer egin jakin gabe gelditzen dira».

Jokabide eta bizipenei hitzak jarrita, ikasleek autismoa modu naturalagoan bizi dezaten laguntzea dute xede.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo