GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA Apustua

Faborito garbirik ez da izango Donezteben

Raul Kastro eta Xabier Zaldua bihar eguerdian neurtuko dira, 12.00etan.

Jon LEUNDA

Urteko estreinako apustua jokatuko da bihar Doneztebeko pilotalekuan, 12.00etatik aurrera. Bertan Raul Kastro eta Xabier Zaldua arituko dira nor baino nor. Aizkolari bakoitzak 18 kana-erdiko erdibituko ditu, eta denak Kastrok eramango ditu plazara. Alde bakoitzak 3.000 euro jokatzen ditu dirutan.

Ikusmin handia piztu du biharko norgehiagoka honek. Bi aizkolari nahikoa ezezagunak dira, baina horrek berak erakartzen du jendea, berriak ikusteko gogoz egoten baita. Gainera, ez da gauza bera lehiaketa batean edo apustu batean ikustea, eta horixe nahi dute zaleek.

Zalduarentzat bere bigarren apustua izango da. Orain dela hamaika hilabete neurtu zen lehen aldiz, eta orduan Ander Erasun mendean hartu zuen. Apustu hartan kirolariek aizkoran eta korrikan neurtu behar izan zuten, eta Zumarragakoak irabazi egin zuen bere lehen apustua.

Raul Kastrorentzat, ordea, bere estreinako desafioa izango da honakoa. Urrozko aizkolaria azkeneko urte hauetan aizkora plazetan ibili badabil, baina orain arte ez du eman apusturako pauso hori.

Kirolari biak ere pare samarrekoak dira mailari dagokionean. Zalduak iaz lortu zuen Euskal Herriko Bigarren Mailara igotzea, eta Kastro, berriz, azkeneko urte hauetan hirugarren mailetako finaletan ibili izan da, nahiz eta ez duen lortu gorako bide hori egitea.

Lan handia aukeratu dute bi aizkolariek, 18 kana-erdiko lan bikaina baita. Faborito garbirik ez dago. Azkeneko urteari begiratuta, esan daiteke Zaldua dela faborito, baina oraingoan lan handia dute, eta Kastrok, bestalde, enborrak berak eramango dituenez, abantaila txiki bat izango du horrekin.

Lana handia denez, biek jakin beharko dute beren indarrak neurtzen. Zalduak iaz ere apustu handia egin zuen, eta orain urtebete marka saiakera bat ere egin zuen Zumarragan. Kastro, berriz, lehen aldiz plazaratuko da horrelako lan batekin, eta ikusi beharko da zer-nola moldatzen den.

Harri-jasotzea

Izeta II.a, Urrutia, Ariztegi eta Bertiz neurtuko dira bihar Etxauriko plazan, bertan dagoen harri baldarrarekin. 136,5 kilo pisatzen ditu aipaturiko harriak, eta kirolari bakoitzak bost minutuko txanda bat izango du lanak burutzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo