GARA > Idatzia > Kultura

San Telmok egungo gizarteari buruzko erakusketa batekin ireki dizkio bere ateak Donostiari

Donostiako San Telmo museoak gaur ireki ditu bere ateak bost urte iraun duten obren ondoren. Irekiera horretarako, aldi baterako lehen erakusketa jaso du: «6 mila milioi Beste», gizartearen isla bat.

p048_f01_096x096.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Donostiako San Telmo museoak gaur ireki ditu ateak, eta bertan izango den aldi baterako lehen erakusketa prest dute horretarako: «6 mila milioi Beste». Abuztuaren 21era bitartean izango da zabalik eta bertan mundu osoko pertsonekbeldurrari, maitasunari edota ametsei buruzko 40 galdera zehatzi emandako erantzunak agertzen dira.

Erakusketa hau 2009an zabaldu zuten Parisen eta, geroztik, Myanmarren, Marseillan, Erroman, Bordelen eta Bruselan izan da. Donostian egon ondoren, Sao Paulo eta Moskun izango da ikusgai.

50 hizkuntza baino gehiagotan egindako 5.600 elkarrizketa inguru, 78 herrialde, 5 urteko errodatze lanak eta 6 erreportari behar izan dira proiektu hau aurrera eramateko.

Arrantzale brasildarretik abokatu australiarrera, artista alemaniarretik nekazari afganiarrera, denek erantzun zituzten galdera berdinak; hala nola, «Zoriontsu zara?», «Zeri egin diozu uko?», «Erraz barkatzen duzu?», «Zer ikasi duzu zure gurasoengandik?», «Zer nahi zenieke transmititu zure seme-alabei?», «Zein da sekula izan duzun esperientziarik gogorrena?», «Zer da zuretzako maitasuna?».

Hamaika ordu baino gehiago irauten du erakusketa osatzen duen erreportajeak, hori dela-eta, ezinezkoa da bisitaldi bakarrean osorik ikustea. Hala, gaiaren araberako ibilbide ezberdinak antolatu dituzte, ikusleak gogokoena hautatzeko aukera izan dezan. Gainera, kabina batzuk kokatu dituzte egindako grabaketak gaiaren arabera sailkatuz: «amodio historiak» (26 minutuko iraupenekoa), «lehen oroitzapenak» (22 minutukoa), «haurtzaroko ametsak» (18 minutu) edota «barkamena» (29 minutukoa), besteak beste.

Erakusketaz gain, museoak beste hainbat jarduera antolatu ditu. Horien artean giza harremanak ulertzeko hitzaldia; belaunaldien, komunitateen eta kulturen arteko transmisioa eta elkartrukea azaltzeko hitzaldia; edota helduentzako ipuin kontaketa aurki daitezke apirilean egingo diren ekitaldien artean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo