GARA > Idatzia > Kultura

Lehen irakurleentzat Arrieta, Mitxelena eta Olasoren lan berriak aurkeztu ditu Aizkorrik

GARA | BILBO

Aizkorri argitaletxeak hiru liburu kaleratu berri ditu, hirurak euskaraz eta lehen irakurleei zuzenduta denak. «Irakurri, bizi» bildumaren ale berriak dira eta zazpi euroko salneurria dute.

«Amaren urteak» da hiru proposamen horietako bat, eta Yolanda Arrieta da egilea. Haur txikien guraso, ikasle eta bitartekariekin literatura lantzeko saioetan esperientzia duen egilea da Arrieta, baita idazketa tailerretan ere.

«Amaren urteak» lan berriak Aitziber Alonso irudigilearen parte-hartzea du eta hiru haurren pasadizo bat kontatzen du, marrazketaren ingurukoa. Arte Ederretan lizentziaduna, Alberdania argitaletxearentzat egin zuen bere lehen irudigile lana, eta Galtzagorri elkarterako literatura aretoen eszenografiak ere egin ditu, besteak beste.

Mireiak eta Malenek inbidia pixka bat diote elkarri, baina elkarrekin marraztea atsegin dute. Mikelek bakarrik marrazten du. Egun batean irudiak elkartu eta opari bat osatzen dute. Bada beste gauza bat, hirurak lotzen dituena: «hiruren izenetako M-ekin mendi lerroa sortzen da».

Gurasoen ohean, abentura

Jokin Mitxelena donostiarraren «Saguzarrak egunez» ere liburu-dendetan aurki daiteke dagoeneko. Mitxelena bera da testuaren eta irudien egilea, eta Genobeba eta Isabela saguzarrak egunez esnatu zireneko abentura jorratzen du, gaueko animaliak izanik, ezin baitute egunez ezer ikusi.

Donostian jaioa, Mitxelena bere familiarekin Alemaniako Koblenza hirira joan zen bizitzera 1995ean. Marrazkigintzan aritzen da, eta Alemania, Estatu espainola eta Austriako argitaletxeentzat egiten du ilustratzaile lana. Etxepare saria jaso zuen 2007an eta lan ilustratu onenaren Euskadi saria 2010ean.

«Paulen abentura miresgarria» Xabier Olasoren lana da, eta irudiak Jokin Mitxelenarenak dira. Gurasoen ohe handian, itsaso sakonean egongo balitz bezala Paul altxor bilatzaile bilakatu zen eguneko abentura kontatzen du liburuak.

Olasok, otxandiarra jaiotzez baina txikitatik Gasteizen bizi dena, haur eta gazte literaturan hainbat lan eman ditu argitara, «Pupuan trapua» edota «Auskalo», besteak beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo