GARA > Idatzia > Mundua

Israelgo erasoen ondorioz, su-etena bertan behera utzi dute milizia palestinarrek

Duela hamar egun eskas aldarrikatu zuten tregua, baina Israelek ez diola horri erantzun uste dute milizia palestinarrek. Izan ere, Ezzedine al-Qassam Brigadetako ustezko hiru ekintzaile hil zituzten atzo goizaldean.
p030_f01.jpg

GARA | GAZA

Azken asteetako oldarraldi etengabea baretzea helburu zuen su-etenak ez du askorik iraun Gazan, hura aldarrikatu eta hamar egun eskasera, apurtutzat eman baitzuten atzo hainbat milizia palestinarrek, Europa Press albiste agentziak dioenez. Ohar bidez jakinarazi zutenez, ekintzaileak ez dira prest israeldarren «hipokrisia» onartzeko, eta su-etenaren deialdiari ez dietela erantzun iritzita, Israelek ondorioak jasan beharko dituela azpimarratu zuten: «Etsaiak suarekin jolastu nahi badu, erre egingo da».

Izan ere, Ezzedine al-Qassam Brigadetako ustezko hiru ekintzaile hil zituzten atzo goizaldean soldadu israeldarrek, hegazkinez egindako erasoan; Gazako hegoaldean dagoen Jan Yunes auzoan gauzatu zen jazarraldia, ustezko ekintzaileak autoan zihoazenean. Albiste agentziek diotenez, Hamas-ek hildakoen deiturak baieztatu ditu; Ismael Lubbad, Abdala Lubad eta Mohamed Ad-Daya lirateke, eta alor militarreko buruzagiak direla ere argitu du.

Israelgo armadak, bere aldetik, hildako ekintzaileek Pesah jai egunean israeldarrak bahitzeko asmoa zutela ziurtatu du; eta hortaz, badaezpadako erasoa litzateke atzo goizaldean burututakoa. Alta, ez da azken egunetan egin duten lehen oldarra, ostiralean ere beste palestinar bat hil baitzuten, haien kontra suziri bat jaurti zuelakoan. «Etengabeko oldarraldiari» erantzuteko asmoa dutela baieztatu dute milizia palestinarrek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo