«Herri ixilean», klik bat baino gehiago, lurraldearen usain bat
Jon Cazenave argazkilaria bere abizenaren historia ezagutzera abiatu zen, baina azkenean nahi hori aitzakia hutsa izan zen Ipar Euskal Herrian barna ibiltzeko. Bere asmoa herria usaintzea zen, inspirazioa bilatzea eta gutxitan aurkitzea, klik egitea baino gehiago, bide bat egitea eta lurraldea sentitzea. Horren emaitza da atzo Koldo Mitxelenan irekitako erakusketa.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Koldo Mitxelenako Ganbarara sartzen den bisitariak Jon Cazenaveren ametsa ezagutuko du; inguru hurbilari buruz egiten dituen hamaika galdera, barren-barrenean gordetzen dituen irudiak, beldurrak, momentu magikoak, baita amak kontatutako ipuinak eta familiarekin egindako txangoak ere. Aretoa janzten duten txuri-beltzezko irudiek eguneroko bizitza jasotzen dute, badute gibelean karga bat, ordea: «Iparraldea dago, ni nago», adierazi zuen argazkilari donostiarrak atzoko aurkezpenean.
Agertzen diren paisaia ilunetan bada argirik. «Gure herriko argi berezia da, argi uterinoa. Izan ere, amaren sabelean sentitzen zara mendi lainotuetan, eta nik amatasun hori jaso nahi izan dut argazki ilunak erabilita». Bere baitatik sortutako argazkiak dira, beraz, ez dira Ipar Euskal Herria, nahiz eta bertan ateratakoak izan. «Iparraldea ez da iluna; nik sentitu nuena da iluna», argitu zuen.
2010aren hasieran sortu zen proiektua, Euskal Kultur Erakundearekin elkarlanean. Beti ikusi izan ditu argazkilari honek bere abizenaren erreferentziak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, txokolatea dela, Cazenave bidea dela, artistak eta abadeak direla... Eta egun batean bere jatorria ezagutzeko bidaia bati ekin zion. Getxophotok eman zion aukera, eta arbasoen sorterritik, Biarnotik, abiaturik herriz herri ibili zen.
Bide bat garatuz
«Denbora asko pasatzen nuen kotxean, irakurtzen aritzen nintzen, Zuberoako abesti zaharrak entzuten, larre busti horiek usaintzen... Bizpahiru astez ibili nintzen horrela, askotan, klik egitea ez baita garrantzitsuena. Bide bat garatzea eta lurraldea sentitzea da inportanteena; hortik sortu zen lana».
Jende anitzek galdetzen dio artista honi ea helburua lortu duen, eta berak beti erantzuten du gauza bera: «Ez zait helburua interesatzen, bidea baizik. Bide horretan momentu onak eta txarrak pasatu ditut, baina denak izan dira bereziak. Eta nire euskaltasuna eta cazenavetasuna berreraiki dut». Izugarri ikasi du, zerbait aldatu da bere baitan, lagun onak egin ditu, eta herria topatu du mendietan, zuhaitzetan eta itsasoan.
«Gustatzen zaidana batez ere ikusleek argazkiekin erlazio bat izatea da. Zuek nahi duzuena sentitzea, baina sentimendu bat eragitea», agertu zuen kazetariak ganbarako hormetan zintzilikatutako koadroei so zeudela.
Bi mahai ere jarri dituzte argazkilariaren lanean eragina izan duten elementu batzuekin; Oteizaren eta Chillidaren testuekin, edo Zugarramurdiko bi emakumek oparitutako San Joan loreekin. Erakusketa hilabete osoan egonen da Koldo Mitxelenan, eta gero Biarritzera eramanen dute.