GARA > Idatzia > Mundua

Berlusconi epaitzen duen «Ruby auzia» maiatzera atzeratu dute

Boterea gehiegikeriaz erabiltzeagatik eta adingabekoak prostituziora bultzatzeagatik auzipetutako Berlusconik, agenda arazoak dituela argudiatuta, muzin egin zion atzo epaitegian zuen hitzorduari. Karima El Marough «Ruby» gaztea ere ez zen izan, maiatzeko saiora agertzeko prestutasuna azaldu duen arren. Uko egin dio, dena dela, auzian alderdi zibil gisa jarduteari.
p028_f01.jpg

GARA |

Kasik hasi orduko amaitu zen atzo Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroaren aurkako epaiketarik polemikoenaren lehen saioa; izan ere, aldeen artean prozesuaren data esanguratsuenak hamar minutu eskasetan hitzartu ostean, maiatzaren 31ra arte atzeratu zuten hurrengo zita.

Lehen ministroa botere gehiegikeriaz eta adingabekoak prostituziora bultzatzeaz akusatuta dagoela-eta, epaiketaren lehen saioak ikusmin izugarria piztu zuen Milango Auzitegi barruan zein kanpoan. Hala ere, bertaratutakoek ezin izan zuten Italiako gobernuburua ikusi, ez baitzen bertan izan; «arrazoi instituzionalak» argudiatuta, auzitegira joaterik ez zuela adierazi zuen Berlusconik bere abokatuek irakurritako gutun baten bidez; gainerako saioetara joateko prestutasuna azaldu zuen arren, «auzi-iheslaritzat» jo zuten epaileek mandataria, eta hurrengo saioa atzeratzea ebatzi. Berlusconik esana zuen saioak astelehenetan izan ezean, ez zuela bertaratzerik izango, bere karguari lotutako eginkizunak direla-eta; beste hiru auzi-prozesu zabalik dituela kontuan hartuta, hortaz, ez zuten lan samurra izan atzokoan epaileek datozen hilabeteetako egutegia zehazten.

Halaber, auziko beste protagonista Karima El Marough Ruby ere ez zen epaitegian izan; areago, auzian alderdi zibila izateari uko egin diola eman zuen aditzera bere abokatu Paola Boccardik. Azken honek azaldu zuenez, Rubyk ez du uste lehen ministroak egindako afarietan «inongo kalterik» jasan zuenik, eta halakorik izatekotan, komunikabideen «propagandari» egozten dio horren ardura, «emagaldu bat balitz bezala tratatu dutelako» denbora honetan guztian. «Horregatik hartu du erabakia, afari haietara prostituitzera zihoala onartzea izango bailitzateke bestela», gaineratu zuen abokatuak.

Konstituzionalaren ebazpena

Ruby maiatzeko auzi-saiora agertuko dela azaldu zuen dena den Boccardik; ospatzen bada, behintzat. Izan ere, auzi hori epaitzeko eskumena zein auzitegik duen ¯Milango Auzitegiak edota Ministroen Epaitegiak¯ ebatzi beharko du epe laburrean Auzitegi Konstituzionalak, Diputatuen Kongresuak herenegun hala eskatuta. Proposamena tramitera onartuz gero, litekeena da auzia bertan behera geratzea erabakirik izan arte, eta horrek, noski, prozesua neurri gabe atzeratuko luke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo