EUSKAL HERRIKO ITZULIA Adierazpenak
«Hemen da liderraren garaipena»
Hankak «ehuneko ehunean» dituela azpimarratu zuen Astanakoak. Garate penatuta azaldu zen ihesaldia bertan behera geratu zelako.
GARA | DONOSTIA
Ezin izan zuen toki politagorik aukeratu Alexandre Vinokourovek urteko lehen garaipena lortzeko. Murgiako helmugan azkarrena izan zen Kazakhstango txirrindularia, eta honela azaldu zen etapa amaitu bezain laster: «Aurtengo lehen garaipena dut, eta lehena Euskal Herriko Itzulian. Zazpi edo zortzi aldiz etorri naiz hona, baina inoiz ezin izan dut irabazi. Garaipen handia da niretzat eta taldearentzat. Denak ari ziren liderraren garaipena itxoiten, eta hemen dago, eta espero dut hemendik aurrera askoz ere gehiago etortzea».
Astana taldeko txirrindulariaren helburu nagusia Tourrean parte hartu eta bertan emaitzarik onena lortzea da. Oraingoz, fisikoki ondo dagoela adierazi zuen: «Ondo nengoen, eta banekien. Hankak ehuneko ehunean dauzkat, eta honek klasikoetan parte hartzeko motibatzen nau. Hirutik bat irabazi nahiko nuke; Lieja ahal bada, hobe. Ondoren, Tourrean pentsatuko dut».
Etapa amaierako protagonista izan bazen Vinokourov, ezin da gutxiago esan Juanma Garateri buruz. Rabobank taldekoa eguneko ihesaldian egon zen sartuta, eta helmugara tropelaren aurretik sartzeko aukerak izan zituen. Helburu hori lortu ez, eta bere taldekide Oscar Freireri lagundu egin zion esprintean etapa garaipena lor zezan.
Irungoak adierazi zuenez, «ihesaldia arraroa izan da, eta ez dugu elkar ulertu». Hala, behin tropelak harrapatu zituenean, beste helburu bat zuen buruan: «Hiruko ihesaldia bertan behera geratzeko lan egin dugu. Baina Vinokourov bezalako gizon bat ateratzen denean, lan egiteko jendea behar da, eta ez zitzaigun inor geratzen».
Erabakigarria, David Lopezentzat
Gustura ari den beste txirrindulari euskaldun bat, David Lopez, gaurko etaparen garrantziaz mintzatu zen: «Pertsonalki, orain arte gauzak oso ondo doaz. Bihar [gaurkoa] egun klabea da; teorian, niretzat egunik aproposena izango da. Erlojupekoa? Ez naiz espezialista horretan, baina egunero entrenatzen naiz ibilbide horretatik, etxean ari naiz, eta sailkapen orokorrean ondo kokaturik banago, indarrarekin aterako naiz».
Michel Kreder holandarrak irabazi zuen Sarthe zirkuituko bigarren etapako goizeko zatia. Daniele Bennati izan zen bigarrena. Arratsaldeko erlojupeko proban, aldiz, italiarra gailendu zen, David Millarren eta David Zabriskieren aurretik. Bestalde, Belgikan, Mark Cavendishek Schledeprijs proba irabazi zuen esprintean.
Euskaltel Euskadi taldeko txirrindulari Koldo Fernandez de Larrea hilaren 23an itzuliko da errepideetara, Laudioko Sari Nagusian, hain zuzen ere. Zurbanokoak eskuin lepauztaia hautsi zuen Andaluziako Itzulian eta iragan martxoaren 4an egin zioten ebakuntza. Sentsazio onak izanez gero, Romandiako Tourrean parte har lezake.