Heineken Kopa
Biarritz errebantxarako prest dago
Zuri-gorriek igandean, 17.30etik aurrera, Anoeta estadioan, Stade Toulosain hartuko dute, egungo txapelduna. Iazko finalaren errepikapena izango da, baina zuri-gorriak dira etxean arituko direnak, eta lapurtarrek aurrera egiteko itxaropen handia dute.
Jon LEUNDA
Biarritzen dena prest daukate datorren igande arratsalderako. Stade Toulosain hartuko dute Donostiako Anoeta estadioan Heineken Kopako final-laurdenetan. Iazko finalaren errepikapena izango da, baina oraingoan zuri-gorriak dira etxean arituko direnak.
Biarritzen itxaropena nagusi da, eta hori baieztatzeko sarrerei begiratu besterik ez dago, denak salduta baitaude, eta Realaren zelaiak sekulako betekada jasoko du.
Jokalariak itxaropentsu daude, eta horrelaxe agertu ziren atzo egin zuten prentsa agerraldian: «Tolosa faboritoa da, eta horretarako arrazoiak dituzte. Egungo txapeldunak dira, eta Ligan ere bikain dabiltza. Hau, ordea, partida bakar batera jokatzekoa da, eta faborito izateak eta txapeldun izateak ez du esan nahi haiek irabazi behar dutenik. Guk ere baditugu geure aukerak», esan zuen Dimitri Yachvili jokalariak.
Zuri-gorrien izar nagusietakoaren esanetan, taldearen egoera oso ona omen da: «Taldea une oso onean heldu da. Ligan eta Europan finalerdietaraino heltzeko aukerak dituzte, eta uste dut denboraldi bikaina ari garela egiten», esan zuen.
Damian Traille ere tankerara mintzatu zen. Berak ez du bi lehiaketatik bat bereizi nahi izan: «Geure helburua ez da Heineken Kopa, hau helburuetako bat da. Ligan ere aukera handiak ditugu, eta bietan saiatu behar dugu. Iaz tenore honetan ligan ia ez genuen aukerarik eta Europaren alde egin genuen, baina aurten bietan aukerak ditugunez, biak agortu behar ditugu», esan zuen.
Bestalde, Anoetak duen garrantziaz mintzatu zen Imanol Harinordoki. «Anoetan jokatu izan dugun bakoitzean sekulako giroa izan da. Iganderako ere 32.000 sarrera salduta daude, eta giroa sekulakoa izango da. Zelaira atera eta horrelako giroa, eta gehienak geure aldekoak ikusita, indar handia ematen du. Partida zaila da, txapeldunen aurka arituko gara, baina gu gara etxean arituko garenak. Donostian, gainera, oso partida gutxi galdu ditugu, eta hori ere garrantzitsua da», esan zuen.
Garaztarrak, partida hauek Hego Euskal Herriko errugbia indartzeko ere balio izatea espero zuela esan zuen: «Honelako partida handiak balio du Hegoaldean ere kirol hau indartzeko. Guretzat horrek ere badu garrantzia», esan zuen Nafarroa Beherekoak.
Azkenik, Jean Michel Gonzalez entrenatzaileak, berriz, garbi utzi zuen irabaztekotan, zer ez duten egin behar. «Garbi dago garaipena lortu nahi baldin badugu, baloi gutxi galdu behar ditugula. Uztartzeetan, eskasetan, ostikoetan, ezin dugu baloirik galdu, bestela min handia egingo digute. Gero, defentsan daukagun maila emateko gai baldin bagara, uste dut irabazteko gai izango garela», esan zuen entrenatzaile lapurtarrak.
Norgehiagoka 17.30etik aurrera izango da Anoetan, eta festa giroa prest dute jada. Globoak, paperak, ikurrak, denetik izango da giroa berotzeko. Jarraitzaileak ere goizez abiatuko dira Donostiara, eta musika ere ez da faltako txaranga bat baino gehiago baitira Anoetara hurbiltzekoak, bai kanpoko, bai barruko giroa berotzeko.