GARA > Idatzia > Kultura

Elkarrek ezin duen superneskaren eta amari nobioa bilatzen dion mutikoaren ipuinak kaleratu ditu

Uxue Alberdik eta Jokin Mitxelenak «Ezin dut, eta zer?» aurkeztu dute, superneska nekatu baten istorioa; Castillo Suarezek eta Iñaki G. Holgadok, aldiz, «Nobio bat amarentzat», Jagobaren ipuin dibertigarria.

p050_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Haurrentzako bi liburu berri aurkeztu zituen atzo Elkarrek; berez neska-mutikoei zuzendutakoak izanagatik, irakurle guztientzat izan daitezkeenak. Eta zer? izeneko bilduma berezian sartzen da lehenbizikoa, haurrek ezintasuna sentitzen duten egoerak azaltzen dituen sailean, hain zuzen. «Ezin dut, eta zer?» izena du eta Uxue Alberdiren testuak eta Jokin Mitxelenaren marrazkiak biltzen ditu. Bere horretan paradoxa dela azaldu zuen Alberdik. Izan ere, superneska da «ezin dut» erraten duena. «Gauza asko ahal ditu, baina dena ez. Eta aita asebetetzeko dena behar duela sentitzen du». Benetan superheroia ez dela badakien eta kapa gorriak estutzen duen neska asmatikoa da. Gai potoloa hartu du elgoibartarrak umeentzako bere lehen libururako, baina umorez idatzi du. Aitortu zuenez, bere lanik autobiografikoenetakoa da. «Kotxean idatzi nuen, bi hitzaldiren artean. Horrek adierazten du nolako erritmoan ibili naizen. Horrek eman egiten du, baina aurreikuspenak bete beharrak beldurra ere sortzen du».

Jokin Mitxelenak ongi harrapatu ditu sentipen horiek marrazkietan. «Munduak mila buelta emanen ditu, baina pertsonen minak eta malenkoniak betikoak dira, eta hori azaltzen da liburuan. Neskak maitasuna nahi du». Aitak kopetan ematen dio musu beti, baina alaba sabeleko, bihotzeko eta oinetako musuak nolakoak diren jakiteko irrikatzen dago.

«Nobio bat nire amarentzat»

Castillo Suarezen eta Iñaki G. Holgadoren istorioak Jagoba du protagonista. Mutiko hau amarekin bizi da, botika baten gainean, botikaria baitu ama. Triste ikusten du, batzuetan pipertuta, eta nobio bat bilatzea erabakitzen du.

Hartara, bera ere askeago izanen da. Bururatzen zaizkion aukerak mugatuak dira, ordea: lagun baten aita, igerilekuko soroslea, botikako garraiolaria... Batek ere konbentzitzen ez duenez, Interneten iragarki bat jartzen du eta orduan etortzen zaizkio ustekabeak. Bai idazlea eta bai ilustratzailea pozarren zeuden egin duten lanarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo