GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Atzerrira, nor bere herria defendatzera

Bulego horietan imajinatzen ditut: «Tú me das y yo te doy» batzuetan, «tú me das o yo te doy» besteetan, baina beti ere elkarrizketak «y a estos otros que les den» leloaz amaiturik. Agian, horixe da «elkarrizketa soziala» deitzen dutena

Arraroa egiten da Madrilerako bidea hartzea, arraroa batez ere Euskal Herritik behera dagoen espetxeren batera joateko ez denean. Eta are arraroagoa, autobusetik jaitsi, banderak eta ikurrinak zabaldu, Castellana bidea hartu eta espainiar Lan Ministerioan Internazionala abesten amaitzea.

Hala ere, askoz arraroagoa egin zitzaien ziur asko espainolei euren erresumaren muinean dagoen kalean zein Lan Ministerioko gorbatadunei euren bulegoetatik «independentzia» oihuak entzutea.

Baina egin genuen. Bidaia egin genuen, Euskal Herritik, Galiziatik, Kataluniatik eta Kanarietatik. Nork bere herria defendatzeko atzerrira egin beharra. Ondo pentsatuz gero, ironia kutsua ere badauka kontuak.

Eta adar bitako zentzu bakar batean egin ere:

Gure lan eta bizi baldintzen alde borrokatzeko. Atzerriko bulego urrun horietan ari dira erabakitzen nondik jotzen gaituzten ondoen ahalik eta beste batzuk ondoen bizitzeko. Herriak ez dituzte merkatuek osatzen, ez eta men egiten dieten agintari eta enparauek ere. Herriak herritarrok, langileok, osatzen ditugu, beste horiek estutzen ari diren berberak, nahiz eta «gure onurarako» estutu. Hori ezin dezakegu ezein momentutan ahaztu.

Bulego horietan imajinatzen ditut, beherapenetan, gu salgai-hondartzat hartuta: «Tú me das y yo te doy» batzuetan, «tú me das o yo te doy» besteetan, baina beti-beti elkarrizketak «y a estos otros que les den» leloaz amaiturik. Agian, horixe da «elkarrizketa soziala» deitzen duten hori.

Abiadura bizian dabiltza, gainera, langileen eskubideak defendatzen ei dituzten sasi-sindikatuek alfonbra gorriak zabaldu eta oinetakoak miazkatzea erabaki baitute. Euretako batzuk agian lotsaturik daude, baina zin egiten dizuet bakar bat ere ez dela gorritu, gorritzea «modernoa» ez izateaz gain, «super-erradikala» ei da-eta pentsamendu bakarrarentzat.

Langileok erabaki behar dugu, erabakietan parte hartu behar dugu; erabakiak ezin dira egon bankaren esku, enpresarien esku, akziodunen esku. Eta geure herrian erabaki behar dugu. Ez diogu eskubide hori inori aldarrikatzen, eduki badaukagulako. Aldarrikapen formalekin ere nazkaturik gaude, orain gauzatu nahi dugu. Horretarako, Euskal Herrian aldarrikapen formalekin ahoa beteta, Madrilera jaisten diren horiei ere esaten diegu egin egingo dugula, bidea egin nahi duten guztiekin batera.

Gure eskubidea gauzatu behar dugu. Premia bizia daukagu. «Bosturtekoak» emango dituztela itotzen abisatu digu lan ministroak berak, bere etxe aurrean geunden egun berean, gainera. Baina alternatiba egon badago. Gero eta argiago ikusten dugu Euskal Herrian. Aldaketa soziala posible bezain beharrezkoa da guretzat. Egia da alboko erresumak hesi potoloa ipini digula aurrean eta marko juridiko-politikoa aldatzea ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula. Baina sinistuta gaude, jakin badakigu hesi hori, funtsean, ez dela lehen begiratu batean dirudien bezain garaia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo