GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Guzman Ruiz Garro BBKren Batzarreko kontseilaria

«Italiaren bidea aukeratu da»: bankuek aurrezki kutxak ordezkatzea

Aurrezki kutxak pribatizatu nahi dituzten neoliberalek eta haien botere mediatiko guztiak bide txarrera garamatza

Datozen hilabeteetan, BBKren, Kutxaren eta Vitalen pribatizazioaren aldekoek aspertu egingo gaituzte marka bankario bat sortzeko adostu duten formulak dakartzan onuren inguruko azalpenekin. Oraingoan «fusio hotza» delakoa omen da gaitz guztien konponbidea.

Neurri hau azalduko duen baliozko argudiorik ez dugu entzun oraindik, justifikaezina delako. Lemazain-presidenteek gure ontziak -Euskal kutxak-, arrakastaz beteriko norabide segurutik atera eta portura bideratzeko agindu dute, haiek desegitera. Horregatik, zalantza eta mesfidantza nagusitu dira haien asmoen inguruan. Agian, galera osoaz hitz egitea gehiegizkoa iruditu dakioke baten bati, baina artikulu honen helburua ez da egonezina handitzea, baizik eta argi apur bat piztea beste batzuek, nahita, kritika guztiak isilarazi nahi izan dituzten lekuan.

Hasteko, aitortu beharra dago aurrezki kutxak likidatzeko eredu italiarrak zale asko dituela hemen. 1990eko hamarkadara arte Italian laurogei aurrezki kutxa baino gehiago eta kreditu publikoko institutu batzuk zeuden. Ordura arte publikoak ziren aurrezki kutxen pribatizazioa hasteko, parte-hartze kuotak ateratzea baimendu zitzaien kapitala handitzeko aitzakiarekin, baina inbertsiogileek ez zuten interesik azaldu eta bide horrek porrot egin zuen. Doinua ezaguna egiten zaigu.

Bigarren saio batean, Amato-Carli Legearen bidez (1990), aurrezki kutxen bi arimak formalki banandu ziren: negozio finantzarioa batetik eta gizarte-ekintza bestetik. Erreformak nortasun juridiko desberdina eman zien jabetzari eta negozioari. Horrela, kutxa bakoitzak bi elkarte sortu zituen, banka-jarduera eramango zuen elkarte anonimo bat eta elkarte anonimo horren jabetza izango zuen fundazio bat. Egia esan, hasieran banaketa hori formala izan zen, oraindik ere bankuak fundazioaren eskutan jarraituko zuelako. Dirudienez, etapa honetan sartzekoak gara datozen hilabeteetan. Kutxen galbiderako abesti horren lehenengo bertsoak entzuten ari gara.

Kapitala biltzeko ekimen horrek ere ez zuen gustuko emaitzarik eman, eta pribatizatzaileek beste aitzakia bat bilatu zuten aurrerago joateko: Dini Legea (1994). Horrekin pribatizazioari berari ekin zitzaion, fundazioek elkarteetan zuten partaidetza pausoz pauso murrizteko prozedura bat ezarriz. Bide bikoitza erabili zuten akzio bidezko elkarteak pribatizatzeko: kapitala behin eta berriro handitzea eta fundazioen presentzia etengabe murriztea, haien partaidetzak saltzera behartuz. Merkatua tituluak kontrolatzen hasi zen.

1998an, Ciampi Legearen eta Dekretuaren bitartez, prozesuan sakondu zen, fundazioek elkarte bankarioen kapitaletan zuten gehiengoa lege bidez murriztera behartuz, inbertsioa beraien helburu sozialetara bideratzeko aitzakiarekin. 1992an fundazioek kapitalaren %68 zuten; 2003an %9 bakarrik.

Erraza da Italian benetako pribatizazioa Ciampi-Visco Legearekin iritsi zela asmatzea, behin betiko banantzea ezarri baitzuen fundazioen (kutxen) eta akzio bidezko elkarteen (bankuen) artean. Erabateko banantze hau izan zen Italiako aurrezki kutxen pribatizazioaren errudun.

Kutxen requiemaren gure abeslari-konpositoreek ez dituzte oraindik azken bertso hauek abestu, baina ziurrenik saio ugari egin dituzte eta eztarriak bero-bero jarri dituzte vibratorik onenaren bila hasi baino lehen.

Italian, kutxen pribatizazioaren emaitza banka-talde handien sorrera izan da. Kutxekin batera desagertu ziren herriarekiko eta lurraldearekiko lotura, dibidendu sozialak, kudeaketaren kontrol publiko eta demokratikoa, milaka lanpostu eta inbertsiogile txiki eta ertainentzako laguntza finantzarioa.

Hori al da nahi duguna?

Aurrezki kutxak pribatizatu nahi dituzten neoliberalek eta haien botere mediatiko guztiak bide txarrera garamatza, eta ezin dugu ulertu zertan dabiltzan, norabide berean, ezkerrekoak eta progresistak omen diren gure «puntako» politikariak, edota sindikalista «erreformatzaile eta pragmatikoak». Bizkaiko EAJko burukideak, esaterako, bide honen zale sutsuak dira. Deabruak libra gaitzala aholkuak ematetik, baina azken hauek ongi aztertu beharko lukete noren eskuetan bukatuko duen hanka-sartze ikaragarri honek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo