Korrikan, eta gero ere, euskalakari
Pausoz pauso, euskara eguneroko hizkuntza dutenek eta bere sentitzen dutenek segizio alaia osatuko dute gaur Trebiñun, ordenarik gabeko desfile jendetsu baina arin eta koloretsua. Hamar egunez, lasterketa horrek Euskal Herriko bazterrak zeharkatuko ditu. Gaur hasiko den hau hamazazpigarren edizioa da, eta badira 31 urte AEK-k lehena antolatu zuela. Milaka euskal herritarrek parte hartu zuten orduko hartan, eta geroztik parte-hartze hura urtean baino urtean jendetsuagoa izan da, Korrikaren inguruko ekitaldi guztiak bezala.
Ezbairik gabe, Korrika euskararen jai handia da, hamarren bat egunean Euskal Herri osora hedatzen dena. Hala ere, ez da ahantzi behar ezinbesteko ekimena dela, joan den igandean 7K aldizkariak argitaratu zuen elkarrizketan Korrikaren arduradun Edurne Brouardek zioen bezala. Ezinbestekoa AEKrentzat eta ezinbestekoa euskararentzat eta euskaldunentzat. Horrenbestez, jairik handiena, ospakizun zorionekoena litzateke Korrika bi urteren buruan egin behar ez izatea, gauza bera litzatekeelako euskal herritar eta «euskalakari» izatea. Gaur egungo erronka euskara ikasi eta zabaltzea ez ezik, erabiltzea ere bada. Hori, jakina, herritar guztien zeregina da, baina ez haiena soilik. Izan ere, euskarak bere lurraldean ez du beste hizkuntzen estatusa, eta arras mugatuta dago, estatus horrek beharrezko hizkuntza izatea eragozten baitio, eta behar hori gauzatzeko urratsak egitea instituzioei eta politikariei dagokie.
Oraindik ez da Korrikarik behar izango ez den egun hori iritsi, baina pausoz pauso, inoiz korrika, inoiz mantsoago, hainbeste oztopori aurre eginda bere hizkuntzari eutsita, adorez eta gogoz, eraman handiz baina egoskor hari helduta dirauen herri baten lasterketak gero eta argiago du bere helburua: egunotan koloretsu eta umoretsu, beste batzuetan arantzatsu, betiere Euskal Herrian euskaraz bizitzea. Arras garrantzitsua da hamar egun hauetan euskalakari izatea, baina are garrantzitsuagoa gainerako egun guztietan ere izatea.