GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hemen da Korrika, Euskal Herria gau eta egun zeharkatzeko gogo biziz

«Maitatu, ikasi, ari...euskalakari» lelopean heldu da, hutsik egin gabe, 17. Korrika martxan jarriko duen egun handia. 17.30ean «euskalakariek» Trebiñura begiratuko dute, orduan hasiko baita dantzan hamaika eskuk helduko duten lekukoa, muturra zinta gorri, zuri eta berdez apainduta duela. Apirilaren 17an Donostiako helmugara iritsi aurretik, 400 herri ditu zeharkatzeko eta 2.200 kilometro egiteko.

p014_f03_285x164.jpg

Oihane LARRETXEA

Harea-erlojuak dio gutxi gelditzen dela. Alde batean, area, bestean, ziztu bizian erdiko tarte estutik behera irristatzen diren arrasto finak. Orain bi urte eman zion AEK-k buelta ordulari bitxiari, tik-tak, atzerako kontaketa egin zezan eta geroztik, horretan jardun du etengabe. Ez da, ordea, denbora neurtzen aritu den bakarra: orrazdun ordulariak ere tik-tak dabiltza segundoak irensten, 17.30 noiz iragarriko. Euskara ahoan eta bihotzean, une horretan euskaldunen begiradek Trebiñun egingo dute topo. Zertarako? Apirilaren 17ra bitartean euskararen herria zeharkatuko duen 17. Korrikari ongietorria emateko.

Arratsaldea heldu bitartean eta lasterketa hasi aurretik, hainbat ekintza egingo dituzte Trebiñun eta Argantzunen. «Korrikari esker auzolanean aritzea lortu dugu -dio Gutxisolo Euskara Elkartetik Mikel Mirena Arribasek-. Lurraldea oso zabala denez eta herri txiki ugari daudenez, AEKrekin koordinatuta lau batzorde osatu ditugu. Beraien helburua ahalik eta jende kopururik handiena elkartu eta erakartzea da, «mota eta adin guztietakoak, euskara izanda guztiak batzen gaituen lokarria».

Programari bazkalostean ekingo diote. 16.30 inguruan trikitixa eta fanfarreak Trebiñuko kaleak girotzen arituko dira eta, aldi berean, haurrek euren txokoan tailerrak izango dituzte. Tik-tak, ordulariak aurrera egiten du bitartean. 17.00etan, Korrikaren azken edizio hau hasteko ordu erdi eskas gelditzen denean, herriko plazan hasiera ekitaldia izango da. Bertan izango dira Asier Amondo AEK-ko Arabako Artezkaritzako kidea eta Edurne Brouard Korrika 17ren arduraduna. Argantzungo abesbatzak eta txalaparta doinuek harrera egingo diote hamar egunez, eskuz esku, herriz herri ibiliko den lekukoari. Ordurako, bere barrenean gordeta izango du azken egunean Donostian irakurriko den mezua. Edukia deskubritzeko, ordea, itxaron egin beharko da, baita mezua nork irakurriko duen jakiteko ere.

Musika iluntzera arte

Euskararen aldeko lasterketa hasi aurretik, dantzariek eta Manex Agirre Arabako Bertsolari Txapelketaren irabazleak, bertsoaz eta aurreskuaz Korrika bera omenduko dute. Horiek amaitzearekin batera, harea-erlojuak alde batean metatuko du barruko harea: 17.30 izango dira orduan eta, beraz, martxan jartzeko garaia izango da. Korrika hasi da!

Lehenengo kilometroa Trebiñuko Gutxisolo euskara elkarteak egingo du; haiek izango dira lekukoa eramaten aurrenekoak. Alboan, lagun, ezagun eta euskaltzaleak doazela Trebiñu atzean utziko dute, Argantzun aldera abiatzeko. Bidean, Añastronen sartuko dira, 18.00ak aldera, eta 18.30ean Argantzunera ailegatuko dira. Ordubeteko ibilbidearen ostean, 19.37ean hain zuzen, Trebiñura itzuliko da Korrika.

Erritmoa moteldu gabe, Arabako beste hainbat herri zeharkatuko ditu: Franku (19.50ean), Armentiako Bentak (20.03ean), Argote (20.21ean) eta Albaita (20.47ean) izango dira hurrengo lehen lau herriak. Gauean, une batez herrialde batetik bestera salto egingo du lasterketak. Arabako Angostina zapaldu ostean (22.38ean) Nafarroako Marañon (22.56ean), Cabredo (23.22ean) eta Genevilla (23.42ean) zeharkatuko dituzte korrikalariek. Nafarroako bisita gauerdian amaituko da, 00.14ean Kanpezura (Araba) helduko baitira.

Korrikak erritmoari eutsi arren, gaur iluntzera arte iraungo du festak Argantzunen. 19.00etatik aurrera, Aske, Herrikada, Gose eta Betagarri taldeak oholtzara igoko dira kontzertu bana eskaintzera.

Giroaz gozatzera bertaratu nahi duen «euskalakari» ororentzat Gasteizko AEK euskaltegiek autobusak jarri dituzte. Txartelak Aixkiria AEK (Jose Mardones kalea, 8), Zadorra AEK (Bartzelona kalea, 28), Arana AEK (Arana kalea, 30) euskaltegietan eta Aranba tabernan daude salgai, 5 eurotan.

Aldarrikapenetarako tartea

Korrikak ezer ahalbidetzen badu, hori aldarrikapenak egiteko aukera da; horregatik, gaur egun hamaika dira martxaren babesean irakur eta entzun daitezkeen eskariak, dela korrikalariek euren izenean egindakoak dela kolektibo batek taldearen izenean egiten dituenak. AEKn ohartu dira gaur egun iraganean baino mezu gehiagok dutela tartea. Garapen hau kilometroak erosten dituzten elkarte mota anitzekin agerian gelditzen dela dio koordinakundeak: «Gero eta kolore, jatorri eta kultura anitzagoetatik gerturatzen dira parte hartzera», eta, hortaz, aldarrikapenak ere izugarri ugaritzen dira.

Hala ere, ezin ahaztu, guztien gainetik goratu beharrekoa euskara dela, hamar egunotan eta horien ondotik. Garrantzitsua da etorkizuna diren horiei hau helaraztea, alegia, haur eta gazteei. Hori ikasten dihardute Euskal Herriko Haur Hezkuntzako ume askok, baita Argantzon Ikastolakoek ere. Oraindik txikiak dira, horren txikiak, ezen askorentzat gaurkoa euren begiekin ikusiko duten lehen Korrika izango baita. Gainontzekoek, bi urte besterik ez zituzten aurreko edizioan. Zero eta sei urte bitartean edukitzea, ordea, ez da eragozpena izan eta bertan asteak daramate entseguak egiten. «Korrika zer den, zergatik ospatzen den edota nondik pasako den erakusten diegu», esan digu Ekaitz Lotina irakasleak, petoak janzteko prest dituztela gaineratzen duela.

Zangoak mugituz, heldu da euskara maitatzeko, ikasteko eta mingainaz astintzeko garaia.

Facebook eta Twitter, gazteengana heltzeko tresna baliagarriak

Sare sozialak lan tresna baliagarri bilakatu dira. «Orain eta hemen» gertatzen dena modu eragingarrian igor daiteke, doan gainera. Karaktere kopuru mugatua duten mezuak idatzi eta...klik! Informazioa zintzilikatuta gelditzen da sarean.

17. Korrika ere baliatu da tresna hauetaz eta kontu bana ditu Facebook eta Twitterren, xehetasunik ez galtzeko. Lehenengo sare sozialak 6.500 zale baino gehiago ditu eta zifra etengabe handituz doa (jarraitzaile gisa atxiki direnek euren mezuak igortzeko aukera izango dute).

«Maitatu, ikasi, ari...euskalakari» leloa batez ere gazteei zuzenduta dagoela kontuan hartuta eta sare sozialek horien artean duen arrakasta ikusita, xedea betetzea errazagoa izan da. O.L.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo