Trikuharrik Inaxitoren bertso-antzerki berria liburu eta DVDan jaso du
GARA | DONOSTIA
Euskal mitologiaren mundua ezagutzeko aukera ezberdin bat aurkeztu zuen atzo Trikuharri taldeak, «Galtzagorriei to, Inaxito!» bertso-antzerkia, liburua eta DVDa, alegia. Bertsoa eta antzerkia uztartzen dituen talde hau bertsolaritza haurrengana hurbiltzeko asmoz sortu zen 2003an, eta Inaxitori buruzko hirugarren ikuskizuna dute hau.
«Inaxitoren ametsak» eta «1, 2, 3... Inaxito!»ren ostean, «Galtzagorriei to, Inaxito!» sortu dute. Inaxitoren laguntzarekin, Euskal Herriko mitologiako pertsonaiak ezagutzeko aukera ematen du: Basajaun, lamiak, Anbotoko Mari, galtzagorriak...
Margaritak, Inaxitoren lagun-minak, orrazia galdu du eta itsusi ikusten du bere burua. Herrian ura falta omen da eta hil nahi eta ezin duen agure bat ezagutuko du Inaxitok. Guztiek arazoak dituztela jabetuko da haurra. Erantzuna galtzagorriek izango al dute? Agureak emango dio mitologia ezagutzeko bidea eta hala beste hainbat pertsonaia ezagutuko ditu.
Misterioz eta umorez josia dago Inaxitoren azken antzezlan hau, euskal mitologian ezagun eta ez horren ezagun diren pertsonaia eta lurraldeak ezagutuko ditu Inaxitok eta, Trikuharriren ohiko estiloari jarraiki, bertsoek zipriztinduko dute antzezlanaren haria.
Hilaren 15ean Gernikako plazan eskainiko du Trikuharrik datorren emanaldia. Ondoren, Alliko plazan izango da ekainaren 18an eta, azkenik, Elgoibarko antzokian izango da urriaren 9an. Gainera, DVDa 12 euroan erosi ahal izango da, liburua 8 euroan eta biak batera 18 euroan, guztiak www.lanku.com denda digitalean.