Jean Pitrau sindikalista zuberotarraren bizitza liburuan azaldu dute
Mendiko laborantza mantentzearen alde urtetan borrokatu zen Jean Pitrau zuberotar sindikalistaren bizitzari buruzko lehen liburua kaleratu du Elkarrek. ELB sindikatuaren sorreran lehen zutoinak finkatu zituen.
Ainize BUTRON | BAIONA
«Jean Pitrau, la révolte des Montagnards» (Jean Pitrau, mendizaleen oldartzea), Aguxtin Errotabehere kazetariak idatzitako liburua kaleratu berri dute. Berrehun bat orrialdetan, idazleak 1975an zendu den zuberotarraren bizitza azaltzea eta omentzea izan du xede. Izan ere, Jean Pitrauk «sorturiko uhinetik» gaur egun ezagutzen diren gauza asko atera dira, eta, horien artean daude ELB laborari sindikatua eta Euskal Herriko Laborantza Ganbera.
Elkar argitaletxearen historia sailean kaleratua, Jean Pitrauk berak egin dituen ekarpen guztiak «ezagutzeko beharrezkoa genuen» liburua dela aipatu zuen Peio Etxeverry-Ainchartek. Aguxtin Errotabeherek, bere garaia eta belaunaldia markatu bazuen ere, zoritxarrez, gaur egun, bai Zuberoan, baita beste bazterretan ere Pitrau ezezaguna dela esan zuen.
Jean Pitrau Atharratzen sortu zen 1929an. Hamalau urterekin eskola utzi eta laborantzan hasi zen. Garai horretako belaunaldi batentzat eragin handia izan zuen laborari giristino gazteen elkartean sartu zen eta bertan jaso zuen prestakuntza.
Gaztea zela, garaiko ohiko laborarien sindikatuarekin bat egin zuen, eta, Estatu frantses mailako arduradun bilakatu zen. Errotabeherek esandakoaren arabera, 1962an, bere militantismoaren une garrantzitsu bat bizi zuen. «Bizia mendiaren alde eman duen» militante zuberotarrak garaiko laborantza ministroari mendiko nekazaritzak bizi zuen egoera larriari buruzko txosten bat aurkeztu zion. Aintzat hartua ez zela-eta, Pitrau talde batekin ASAM (Mendiko laborantzaren zerbitzuko elkartea) sortu zuen.
«Sindikalismo mota berri baten bidea ireki zuen lehen urratsa izan zen elkarte hori. Gerora, ELB sindikatuaren sorrera gauzatu zuena», argitu zuen Errotabeherek.
Zuberotarra 1968. urtearen aurreko eta ondoko urteetan bizi izan zenez, horrek bere militantzian garrantzia izan zuela gaineratu zuen idazleak. 1968 urtearen ondotik, Zuberoara laguntzera etorritako gazte ikasle eta armadarekiko objektoreak jasotzen zituen.
Garaiko beste hainbat borroketan parte hartu zuen, horien artean, Estatu frantseseko Larzack eskualdean sortu zen mugimenduan edo mendiaren desitxuratzearen aurkako mobilizazioetan. Zendu aurretik bideratu zuen bere azken borroka, bizileku zuen Atharratzeko auzo bateko eskola mantentzearen aldekoa hain zuzen.
Jean Pitrauk «sorturiko uhinetik» gaur egun ezagutzen diren gauza asko atera dira. Adibidez, ELB laborari sindikatua eta Euskal Herriko Laborantza Ganbera, kasu.
Jean Pitrauk zendu aurretik bideratu zuen azken borroka bizileku zuen Atharratzeko auzo bateko eskola mantentzearen aldekoa izan zen.