Laura MINTEGI Idazlea
Egun txar horietariko bat
Lanbide batzuek duten hoberena da giza harremana, pertsonekin lan egitea. Eta txarrena ere bai. Pertsonen arabera. Egunen arabera. Giza miseria oso miserablea izan daiteke. Lantokian aztoratzen gaituzten arazo askok ez dute garrantzi objektibo handirik; kontua da nork, norekin, nola kudeatu arazoa. Gauzak modu onean edo txarrean konpontzearen arteko aldeak ez du zerikusirik problemaren larritasunarekin, baizik eta pertsonok arazoari aurre egiteko dugun jarrerarekin.
Posta elektronikora heltzen diren powerpoint onbera, edulkoratu eta melenga andanatik bada bat, berriki jasoa, dezente islatzen duena neronek aspaldidanik dudan intuizioa. Zera dio, 10/90 proportzioa egoera guztietan dagoela. 10 da izatez gertatuko dena, ezinbestekoa, patua. Gainontzeko 90 da norberak duen jitea gertaera horrekiko. Eta 10/90 horrek egia sakona gordetzen du muinean: ez da zer gertatzen zaigun, baizik eta nola bizi dugun gertatzen zaiguna. Norberarengandik kanpo dagoen jazoera ekidinezina arazoaren 10 bat. Ezin dugu saihestu jazoera, baina erabaki ahal dugu nola egin aurre horri, zein jarrera agertu, nola jokatu besteekin.
Pertsona zitalak, ziztrinak, miserableak etsai bihurtzen du arerioa. Ez ditu bereizten ideiak eta pertsonak. Aurkako ideia duenari errespetua galtzen dio, etsai bihurtzen du, zekena da afektuekiko, portaera kaskarra adierazten du, zikoitza da, hutsala.
Egun txar horietariko bat izan zen herenegungoa, baina segitzen dut pentsatzen pertsona ziztrinak ehuneko 10ean izorratuko dizula eguna, eta gainontzeko 90 norberaren esku dagoela, egun higuingarria salbatzeko eta irakaspen positiboa ateratzeko.