GARA > Idatzia > Euskal Herria

Osasun sistemaren euskalduntzea kinka larrian dago, ikasleen iritziz

Bi eguneko itxialdia burutu dute dagoeneko Leiolako EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko ikasleek. Beraien aldarrikapena, ikasgaiak euskaraz jaso ahal izatea, etorkizuneko osasun sistema euskalduna dagoelako jokoan. EHUko Errektoretzak gaiaren zailtasuna nabarmentzen du, irakasle euskaldunen gabezia izanik arazorik larriena.

Ana ABARIZKETA

Aspaldiko aldarrikapena da EHUk eskaintzen dituen ikasketak euskaraz egin ahal izatea. Orain, indarrak metatu, eta Medikuntzako ikasleek buru-belarri dihardute euskaraz ikasi ahal izateko duten eskubidea bermatua izan dadila eskatzen.

Horren harira, «Medikuntza euskaldundu! Denon artean lortuko dugu!» mugimenduak bi eguneko itxialdia burutu berri du, eta balorazio ezin hobea egin du, bai parte hartu duten ikasle kopurua, bai horiek izan duten jarrera aktibo eta sortzailea nabarmenduz.

Ehun ikasle inguruk parte hartu dute itxialdian, asteartetik asteazkenera. Mahai gainean hainbat gai izan dituzte, besteak beste, ikasle eta irakasle euskaldunen baldintzak hobetzea; euskarazko matrikulazioak bultzatzea; irakasle eta ikasleen euskara maila eta euskal komunitatearen egoera, edo osasun sistema euskalduna lortzea.

Medikuntzako ikasleen egoera plazaratzea ere izan dute helburu, izan ere, eta taldekideek dioten bezala, osasun sistema euskalduna dago jokoan.

Ikasleek egindako gogoeten ondorioz, besteak beste, euskarazko matrikulazioaren jaitsierari erantzuteko euskarazko eta gaztelaniazko plaza kopuruak parekatzea proposatu dute; baita ikasle, irakasle zein langileak bilduko dituen batzorde bat osatzea ere; eta EHUko Medikuntzako Dekanotzari konpromiso zehatzak publikoki hartzeko ere exijitu diote. Beraiek beren konpromisoetan tinko jarraitzeko asmoa dute, aurrerantzean ere mobilizazioak egiten jarraituz.

«Irakasle euskaldun gutxi»

Jon Irazusta Irakasleen errektoreordeak eta Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Fisiologia irakaslearen iritziz, irakasle euskaldunen kopuru murritza da «arazo potoloena».

Azaldu duenez, erantzuna ikasleen gustuko izango ez dela jakinda ere, euskarazko lanpostu deialdiak egiten direnean ez da hautagairik aurkezten, eta «horren arrazoia da, ospitale batean irakasle izateko, bertako medikua izatea beharrezkoa dela, EGA tituluaren jabe izateaz gain».

Ikasleek egin berri dituzten itxialdien gaineko balorazioa egitea errefusatu zuen Irazustak. Hala ere, arazoa mahai gainean jartzeko une egokia dela uste du. «Osakidetzako batzorde mistoetan behin eta berriro planteatu dugu gaia. Jarraituko dugu lanean, ospitaletara joan eta medikuak konbentzitzen jarraituko dugu».

ZIKLOAK

EHU-UPVn euskaraz ematen dituzte Medikuntzako lehen zikloko ikasgai gehientsuenak. Bigarrenean eskaintzak behera egiten du, ordea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo