Anartz BILBAO Musikazalea
Faxistak akatzeko?
Gaurkoa geurea genuela-eta, txandari nondik helduko gabiltza Dupont eta biok. Bihar hasiko den «Izar & Star» zikloak lerro batzuk merezi dituela erabaki dugu aurrena. Zortzi bizkaitar talde oholtzan, rock izarren lan gogoangarrienak berrikusteko, Capsula hasi (David Bowieren «Ziggy Stardust...» joz) eta Audience bukatu (Neil Young eta Bob Dylan gorpuzten).
Tomatitok Bilbon eskolak emango dituela jakin dugu gero, eta gitarra maisuaren kide Camaronekin akordatu gara, bere ijito-eran «otsoari belarriak ikusi eta heriotzara naramaten lau kontutxo» utzi beharraz hitz egin zuena... eta hil. Eguerdian gainera, hara non «cantaorea» legez zainak zulatu zituen Faithfull zigarreta piztera ausartu den. Bekatari!
Piztu eta su hartzera eraman gaituena baina, «la cultura es un arma de construcción masiva» potoloa bota duen Sinde izan da, Irune Jimenez ondoan zuela -eraikina ordaindu beharraz tutik ez oraingoan-.
Kulturak eraiki bai, baina guk ez dugu kultura munduari eskaintzeko, ez; suntsipena dugu opari, gerra esportatzen ohitu gara (erne!, hilak urruti lurperatzen dituen gerra batean sartu zaituzte lagun), armak erosi dizkigun arerioa suntsitzeko, laguntxoa genuenak zipriztin gehiegitxo darabilelako.
Kalea galdu dugu baina, ez da hemen Tahrir plazarik, ezta «Indignez-vous!» aginduari erantzungo dionik ere, edo «Louise-Michel» bezala (filmaz ari gara) kale bazterrean utzi gaituen nagusitzarrari kosk gogor egingo dionik.
Woody zaharra «Zelig»-en legez, orain geu guztiok bihurtu gara Allen eta, garai (eko)anemiko hauetan, korrika gabiltza diruaren atzetik. Non galdu zaigu -beste Woody- Guthrie-ren gitarra?