GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Korrika «zoragarria», lana ere halakoa izan delako

Donostiako harrera ikusgarriaren oihartzuna oraindik oso presente dagoenean, AEK-ko ordezkariek Korrikaren balorazioa egin dute, eta, izandako arrakastaren erakusgarri, «zoragarritzat» jo dute hilaren 7tik aurrera bizi izandakoa. Mertxe Mujikak eta Edurne Brouardek nabarmendu dutenez, inoiz baino jende gehiago bildu da euskararen aldeko ekimen erraldoira, nahiz eta zenbaki zehatzik ematea ezinezkoa suertatzen den. Asko, eta askotarikoak, gainera, pentsaera eta ideologia oso desberdinetako jendea bildu baitu lasterketak, Korrika Euskal Herrian sendo errotuta dagoenaren erakusle. Kohesioaren Korrika izan da hamazazpigarren hau AEKren ustez.

Mertxe Mujikak eta Edurne Brouardek 11 egunetan lekukoaren atzetik ibili diren ehunka mila lagunen adorea eta gogoa txalotu dute, eta euskararen alde egotetik euskararen alde gauzak egitera, eta gauzak euskaraz egitera, pasatzearen garrantzia nabarmendu dute. Alde horretatik, han eta hemen Korrikaren parte izan den jendetzari zorionak eman behar bazaizkio, are gehiago txalotu behar da hilabete luzeetan 11 eguneko lasterketa herritar honek arrakasta izan zezan lanean aritu diren lagunen ahalegina.

Izan ere, 17. Korrika zoragarria izan bada, eta zinez izan da, lagun askok egindako lana ere halakoa izan delako da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo