GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

IZOTZ-ESKALADA | Jarduerak

Estilo garbi eta bikain baten aldeko apustua, Norvegian eta Kanadan

Albert Leichtfried eta Benedikt Purner austriarrek Norvegiako hainbat alderditan lortutako emaitzak bistaz eta estilo garbian sinatu dituzte. Bitartean, Raphael Slawinski eta Grant Meekins kanadarrek «The Peach» (WI5, M8) bidea paraboltik gabe ireki eta igo dute.

p042_f03_199x128.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Nahiz eta askotan esaten den, beste behin gogoratu behar dugu puntako espezialistek aldarrikatzen duten izenburu hau: «estiloa da garrantzitsuena». Aldarrikapen horrek alpinismo zein eskaladako adar guztiak ukitzen ditu. Hots, berdin dio zein espezialitatetan jarduten den, benetan inporta duena estiloa da. Eta hain zuzen ere, lerrootara dakarzkizuegun bi jarduerak horren guztiaren isla dira. Kasu honetan izotz-eskaladan eta mistoan eginiko bi ekintza dira, eta bietan ala bietan estiloak jarduera horien nondik norakoak markatu ditu.

Lehenik eta behin, Norvegiara egingo dugu salto. Izan ere, izotz-eskaladako gaur egungo bi espezialista indartsuenetarikoek, Albert Leichtfried eta Benedikt Purner austriarrek, aldarrikapen horren bandera altxatu dute eta hango alderdi ezberdinetan egin dituzten goi mailako eskaladek zigilu hori izan dute. Beste era batera esanda: eskalada garbia.

Azken urteotan Norvegiako marra izoztuek protagonismo handia hartu dute, eta lehen lerroko eskalatzaileek baieztatu dute dagoeneko Norvegia izotz-eskaladako egungo Meka dela. Austriarrek bazuten horren berri; izan ere, aurtengo bidaia hirugarrena izan da. Eta aurten ere, eskalatzeaz gain, hainbat alderdi esploratu dituzte. Esplorazioa, estilo garbia, eta gainera, poltsikoratutako bide guztiak bistaz erdietsi dituzte. Hitz batean esanda, bidaia borobila izan da.

Leichtfried eta Purnerrek Norvegiako Norsk Tinde Klub-aren gonbidapena jaso zuten. Narvik izeneko eremura abiatu ziren. Ez zuten apenas informaziorik, baina, jakina, gustuko dute handik eta hemendik sortzen diren marrak aztertzea. Bide gogor eta erakargarriak eskalatu nahi zituzten, baina, jakina, eskalatzaile norvegiarrek indarrean duten estiloan; hots, era garbian. «Guk nahiago dugu baldintza egokiei itxaron. Horrek esan nahi du torlojuak sartzeko aukera emango digula. Beste era batera esanda, baldintza txarrak dituzten marra askok paraboltak exijitzen dituzte. Eta guk hori saihestu nahi dugu. Bi aste izan gara Norvegian, 3.000 metro eskalatu ditugu eta ez dugu parabolt bat bera ere jarri. Hori da bertakoek aldarrikatzen dutena. Nazioarteko beste espezialista batzuk ere bertan izan dira, eta ez dute erreparorik izan paraboltak jartzeko. Ez zaigu batere egokia iruditzen kide horien jarrera. Berdin dio bidea erraza ala gogorra den; hemen garrantzitsuena estiloa eta bertakoen arauak errespetatzea da», adierazi digu Leichtfried-ek.

Norvegiara iritsi bezain laster, sokada austriarra urduritzen hasi zen. Izan ere, negua gogorra izateaz gain, esku artean zituzten eguraldi iragarpenak ez ziren batere onak: «Aitortu behar dugu oso larrituta geundela. Iragarpenek zioten ekaitz gogorrak izango genituela. Baina, azkenean, goiko agenteak ondo portatu ziren. Eguraldi nahiko nahasia izan genuen, baina bi aste horietan eskalatzeko aukera izan genuen. -37ºko tenperaturatik 9º positiboetara pasatu ginen. Horretaz gain, euri asko eta 200 kilometro orduko haizeteak jasan genituen. Alabaina, erronka gainditu genuen».

Marra ederrak

Nahiz eta baldintza nahiko nahasiak izan, Purner eta Leichtfried hainbat eremu esploratzen hasi ziren. Beroketa lanerako edo hango girora egokitzeko Lavagen eta Frozen Bones izeneko alderdietan jardun zuten.

Eta inolako zalantzarik gabe, Sordalen-en zintzilikatuta zeuden marra izoztuek benetako protagonismoa hartu zuten. Alderdi horretan bi austriar hauek goi mailako bi bide eskalatu zituzten, «bertakoek soilik onartzen duten estiloan: era garbian eta bistaz». Eta estilo horrekin «Stalker» (WI6/7) eta «Remember mi» (WI7-/M8) poltsikoratu zituzten. Lehenak 700 metro ditu; horietarik 300 oso bertikalak. Bigarrenean, berriz, izotz kandela hauskor bat eskalatu zuten. Biak ala biak zailtasun handikoak, eta, berriro diogu, era garbian eta bistaz.

Zulagailurik gabe

Bien bitartean, Canadian Rockies izeneko alderdi entzutetsuan (Kanada) Grant Meekins eta Raphael Slawinski kanadarrek «The Peach» bidea (WI5, M8) zabaldu eta igo dute. Hori bai, zulagailurik erabili gabe.

Slawinskik azaldu digunez, marra hori eskalatu ahal izateko bi saio egin behar izan dituzte: «Lehen bidaia Pierre Darbelley kidearekin egin nuen. 2008. urtea zen, eta bailaran barrena sartu ginen marra ezberdinen aztarrenak ateratzen. Bat-batean, erabat erakargarria zen izotz kandela bat ikusi genuen. Erori handiko hori koloreko pareta batean zintzilik zegoen. Geure helburuarekin egin genuen topo; espero ez genuen erronka ikusgarri bat. Eskalatzen hasi ginen, baina eroria zuen artesian buelta erdia eman genuen. Kaka eginda ginen!».

Aurten, berriz, Slawinski Meekins-ekin hurbildu da esku artean zeukan helburura. Lehen luzea (WI5) Slawinskiri egokitu zitzaion: «Bideak duen zailtasunean baino, elurrezko tarte batean izerdi franko bota nuen. Bigarren luzean (5.9/M6) Grant joan zen sokaburu. Aurrean zuen murruak erori handia zuen. Gainera, arrokaren kalitatea oso txarra zen eta eskalada oso arriskutsua bihurtu zen. Nahiz eta zailtasunak hain gogorrak ez ziren, argi geratu zen eskalada alpinoak bere benetako aurpegia erakutsi zigula».

Hirugarren luzea (M8) Slawinskirentzat izan zen. Aurretik tarte misto bat. Zulagailua gainean zeraman, baina, azkenean, ez zuen erabili: «Pozik nago paraboltik sartu ez nuelako. Mailu bat ere eraman nuen eta iltzeak sartu nituen. Hori bai, garbiketa lan handia behar izan nuen egin. Oso estilo onean gainditu nuen luze hori. Azken luzea ere (WI5/M7) nik eskalatu nuen. Eroriko txar bat nuen, behealdean erlaitz bat zegoelako. Hala ere, izotzera onik iritsi nintzen eta bidea bukatu genuen».

kanada

Meekins eta Slawinski kanadarrek «The Peach» bidea (WI5, M8) ireki eta eskalatu dute, horretarako zulagailurik erabili gabe.

norvegia

Purner eta Leichtfried austriarrek 3.000 metro eskalatu zituzten bi asteko bidaian. Bide guztiak era garbian eta bistaz egin zituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo