GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Simon Anderson: Surf modernoa irauli zuen gizona

«Thrust» argitaratu da, hiru lemen asmakuntzarekin surfari sekulako ekarpena egin zion gizonaren historia kontatzen duen liburua.

p046_f01_97x140.jpg

HARITZ LARRAÑAGA ALTUNA

Surfaren historian garrantzi handia izan zuen aferetako batean protagonista izan zen Simon Anderson. 1980ko urrian hiru lemako taula diseinatu zuen eta 1981ean Bell's Beacheko txapelketa irabazi zuen bere taula berritzailearekin.

Surfak hurrengo urteetan egin zuen ibilbidea marraztu zuen ia ustekabean. Hiru lemako taulak izan zuen garrantzia eta garai haietan izan ziren gertakari esanguratsuen berri ematen duen liburua argitaratu dute orain.

Hiru lemako sistema thruster deitu zuten, hortik dator zentzu bikoitza duen izenburua, batetik hiru lemei egiten die erreferentzia, eta bestetik, sistema berriak ekarri zuen «bultzada» adierazten du.

Surfaren historia hurbilean izan zen garai historiko baten berri ematen du liburuak. 200 orri baino gehiagoko edukia du, argazki historikoak eta pertsona esanguratsuen adierazpenak biltzen ditu liburuak, hala nola Phil Jarratt, Terry Fitzgerald, Derek Hynd, Andres Kidman, Hugo McLeod eta Reggae Ellissenak. Simon Andersonek Tim Bakerren idazlearen laguntza izan du liburua egiteko.

Argitaraldi mugatua du liburuak. 300 kopia egin dira eta ale bakoitza Simon berak eskuz zenbatu eta sinatua da.

Lehen aldiz kontatzen du Andersonek historia bere osotasunean. Australiako hego-ekialdean, Narrabeen inguruan hezitako haur bat surf egiten hasten den momentutik berarengan eragin zuten gauzen berri ematen du.

Gazte zela atzeman zuten garai basatiek, Bell's Beach eta Margaret Riverrera egindako lehen surf bidaiak eta abar. Simonen historiak oso ongi irudikatzen du surf modernoak 70eko hamarkadan izan zuen bilakaera. Taula handietatik taula txikietara egin zen aldaketa eta jarraian, bi lemako tauletatik hiru lemako tauletara. Lehen mailako surflariekin lehian zen artean haientzako taulak egiten zituen eta egun oraindik surflari ezagun askorentzat taulak egiten jarraitzen du.

«Ekipamendu egoki bat izan nahi nuen. Modu horretan surf hobeto egin ahal izango nuen, eta horrela, txapelketetan ondo jardunez gero, zoriontsua nintzen. Emaitza onak ospatzeko lagunekin biltzen nintzen taberna on batean, zoragarria zen. Horrela izan zen zenbait urtetan», dio Simonek.

Collaroy Beach izan zen Simon eta bere anaien lehen urratsen lekuko, Nat Young surflari handiak ere lehen urratsak eman zituen lekuan. Anaia guztiak ziren oso luzeak, beraz surf ongi egiteko zailtasun bat zuten, eta hala ere oso ongi moldatzen ziren, eta igeriketan oso onak izan arren, nahiago zuten olatu artean ibili.

Narrabeeneko olatuak hartzera mugitzen hasi zenean maila handiko surflariak ezagutu ahal izan zituen Simonek, Terry Fitzgerald, Collin Smith, Grant Oliver eta abar. Asko ikasi zuen garai hartan eta 1972an Australiako Junior titulua eskuratu zuen Bell's Beachen. Garai berean Shane Stedman eta Fitzgeraldekin elkartu eta Aussie lantegian hasi zen surf taulak egiten.

Simonek surf erradikala eta berritzailea egiten zuen, baina 1977. urtera arte ez zuen bere potentziala behar bezala adierazi. Urte horretan ordea, hiru asteko tarte laburrean bi txapel garrantzitsu eskuratu zituen, Bell's Beach eta Sydneyen.

Oraindik lema bakarreko taulak erabiltzen zituzten garaiak ziren eta munduko lehen hamar surflari onenen artean zegoen Simon. Mark Richards bi lemako taularekin agertu zen, ordea, eta zirkuituko jaun eta jabe bilakatu zen. Honek nabarmen eragin zuen Simonengan, taulen diseinuan buru-belarri murgildu zen eta 1980ko urrian hiru lemako taula egin zuen, "Thruster" deitu zuena.

Hawaiin eta Kalifornian izan zen taula berriarekin eta 1981ean, Bell's Beacheko txapelketa ospetsua irabazi zuen bigarren aldiz. Horrek hiru lemako taula ezagutarazi zuen eta ondorioz sekulako iraultza izan zen, diseinu berriak surf egiteko modu berri bat ekarri baitzuen.

Saria jaso eta txapelketari amaiera ematen dion kanpai hots famatua entzun ostean, mozkor-mozkor eginda zegoen kide batekin egin zuen topo aparkalekuan. Duey Duncan taula egile kaliforniarra zen eta gerritik behera larrugorrian zegoen, oihuka, haserre, hiru lemako sistema berak hamar urte lehenago asmatu zuela eta Simonek meritu osoa lapurtu ziola zioen. Halako batean Simonen aurka oldartu zen, baina Duncan gizon txikia zen Simonen ondoan, eta honek, oraindik irabazi berri zuen garaikurra (kanpaia), ezker besoan zuela, eskuin besoaz erasoa ekidin eta aurkaria menderatu ahal izan zuen. Liskarra bere horretan geratu zen, ez zuen bestelako oihartzunik izan.

1980ko hamarkadako erdi aldera utzi zuen goi mailako lehiaketa eta familia bat egiteari ekin zion. Ordutik taulak egiten jarraitu du, goi mailako surflarientzat zein surflari apalagoentzat, baina inoiz ez du hiru lemako taularen asmakizuna bere egin. Bere esanetan, oso alferra omen da eta ez omen du gustuko afera administratiboetan murgiltzea, baina ezagutzen dutenek zera diote, inoiz ez diola kendu nahi izan inori bere sistemaz gozatzeko plazera.

«Thrust»

Hiru lemako sistema «thruster» deitu zuten, hortik dator zentzu bikoitza duen izenburua, batetik hiru lemei egiten die erreferentzia eta bestetik, sistema berriaren «bultzada» adierazten du.

simon anderson

Surflari gisa esperientzia bikoitza du. Lehen mailako surflariekin lehiatzen zen artean haientzat taulak egiten zituen eta gaur egun ere surflari ezagun askorentzat taulak egiten jarraitzen du.

bekaitza

Saria jaso ostean Duey Duncan taula-egile kaliforniarra topatu zuen aparkalekuan, gerritik behera larrugorrian, mozkortuta eta oihuka. Hiru lemako taula hamar urte lehenago berak asmatu zuela zioen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo