GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Australiarrak nagusi Wainuin eta Thurson, ur hotzeko txapelketetan

p046_f02_97x80.jpg

H.L.A | ESKOZIA

Apirilaren 13a eta 19a bitartean itzelezko txapelketa egin zen Thurson, Eskoziako iparraldean. O'neill markak lau txapelketaz osatutako itzuli txiki bat antolatu ohi du urtero, Cold Water Classic Series izenekoa. Ur hotza, baina olatu onak dituen lekuren batean egiten da txapelketa bakoitza eta WQS sei izarreko kategoria izaten du.

Aurtengo lehen txapelketa martxoaren 23a eta 29a bitartean egin zuten, Zeelanda Berriko Wainui hondartzako olatu hotzetan. Lehen postua Adam Melling australiarrak eskuratu zuen eta bigarren postua berriz, Willian Cardoso brasildarrak. Hodei Collazo eta Aritz Aranburu zarauztarrak final-zortzirenetara iritsi ziren, baina ez zuten final-laurdenetara iristeko behar adina puntu bildu.

Thurson, ordea, final-laurdenetara iristea lortu zuen Hodei Collazok, nahiz eta ezin izan zuen Alain Riou polinesiarra gainditu. Joan Duru frantsesarekin, emaitza onena lortu zuen europarra izan zen zarauztarra.

Thurson olatu bikainak izaten dira haizea lagun den egunetan eta azken txapelketa honetan horrela izan da. Eskuin olatu bikainak izan ziren eta mota guztietako ariketak egin ahal izan zituzten lehiakideek.

Cold Water Nias ezizena jarri diote Thursoko olatuari, izan ere Indonesiako eskuin olatu onenetakoa den Niaseko olatuarekin aldera daiteke. Beraz, ura hotza izan arren, olatuen kalitateaz gozatzen dute lehiakideek.

Jay Quin, Zeelanda Berriko surflari gazteak maisutasunez jardun zuen Thursoko finalean, baina Brent Dorringington australiarra nagusitu zen, eta bertako kultura eta historiaren ezaugarri gisa, irabazleari eman ohi zaion ezpata famatua jaso zuen.

Itzuliko hurrengo txapelketa Kanadan izango da, Tofinoko uretan, urriaren 15a eta 21a bitartean. Eta segidan pixka bat beherago, Santa Cruzen (Kalifornia) izango da itzuliko azken txapelketa, urriaren 24a eta 30a bitartean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo