Sophie HARENT | Bonnat museoko zuzendaria
«Bonnat museoak ospe handia dauka aditu eta ikerlarien munduan »
Sophie Harent arte kontserbatzaileak joan den abuztuaren 2an hartu zuen Baionako Bonnat museoko zuzendaritza. Quimper eta Nancy Estatu frantseseko herrietako Arte Eder museoetan zuzendariondoko izan ondoren, museoaren zuzendaritza hartzeko gogoz iritsi da Baionara.
Ainize BUTRON | BAIONA
Sophie Harent Baionara Bonnat museoko zuzendaritza kargua hartzera iritsi bezain laster, museoko solairu oso bat publikoarentzat itxita geratu zen teilatutik ura sartzen ari zela-eta. Berriki, museo osoa hiru urtean itxita edukiko dutela iragarri dute. Izan ere, Bonnat museoa berrantolatu eta modernizatzeko beharra zegoela azaldu zuen Sophie Harentek. Kontserbatzaileak, hiru urtez, bildumako obrak aztertzeaz gain, museo berriago eta handiago bati begirako proiektua gauzatu eta museoa nazioarteko museoen panoraman barnatu beharko du.
Zergatik erabaki duzu Bonnat museoaren zuzendaritza hartzea?
Bonnat museoaren moduko erakustoki eder baten zuzendaritza hartu nahi nuen. Museo honen bilduma garrantzitsua da, eta ikusgarria. Publikoak gutxi ezagutzen du, baina aditu, kontserbatzaile eta ikerlarien munduan ospea dauka, bereziki XIX. mendeko pinturak, eskulturak, eta Bonnat bildumako marrazkiengatik. Horiei gehitu behar zaie XVIII. mendeko lurrezko eskulturez osaturiko Cailleux bilduma, eta 1992. eta 1995. urteen artean eskuraturiko Petithory bilduma.
Berriki beste bilduma bat ere eskaini diote museoari: Howard-Jonsthon izenekoa...
Paul Cesar Helleu margolariaren alaba zen Howard-Jonsthon anderea. Angelun bizi zen eta ez zuen seniderik, beraz bere ondasun guztiak museoari eskaini dizkio. Baionara iritsi nintzelarik banekien museoaren berrantolaketa osoa abiatzeko eskaintza hori izango nuela. Bildumarekin batera, jarauntsi edo legatu horretan bazeuden ondasun higiezinak, baita dirua ere banku kontuetan. Baina, Howard-Jonsthonek eskaintza hori egin zuelarik, Bonnat museoari Helleu izena gehitzeko eskatu zuen. Bonnat museoak Frantziako Museo izendapena du, eta izena ezin da edonola aldatu. Museoen Kontseilu Nagusiak erabakiko du, eta orduan jakingo dugu Bonnat-Helleu izena hartzen duen.
Bost milioi euroko diru zenbatekoa aipatu izan da...
Dirutza da, baina jaraunspen eskubideak ordaindu behar dira eta badira beste oinordeko batzuk. Dagoeneko auzitan gaude. Uste dut bi eta bost milioi euro artean izango ditugula. Museoak beharrezkoak dituen obrak abiatzeko aukera eman digu horrek. Museoa txiki geratu da bilduma bere osotasunean jaso ahal izateko. Dirutza horrek museoaren garapenean eta obrak biltegiratzeko baliatua zen espazioaren berreskurapenean pentsatzeko aukera ematen digu. Sobera estu gaude hemen, gainera teilatutik ura sartu eta bildumaren zati bat hondatu du, eta arazoa areagotzeko arriskua zegoen.
Baiona Ttipia auzoko nahiko leku hertsi batean kokatzen da Bonnat museoa. Nondik aurreikusten da handitzea?
Ez dago eszenario bakarra. Museoaren ondoan eskola bat dago, eta espazio hori hartzea aipatzen da. Baina, horretarako beste leku bat aurkitu behar da haurrentzat. Obren kontserbazio gunea museoaren eraikinetik kanpo jartzeko aukera ere badago. Baina, ez nago baitezpada ados. Eta Euskal Museoa, Historia Naturalaren Museoa eta Bonnat museoaren artean egitekotan garen obra guztien biltze guneari esker ere espazioa irabaziko genuke. Baina, handitze eta berritzearekin batera, proiektu zientifiko eta kultural bat landu behar dugu. Eta horretarako, bildumaren ezagutza oso zehatza izan behar dugu. 2014a bitartean egin behar dugu. Oso epe laburra da. Hori egiteko bilduma osoa eskura izan behar dugu, eta daukagun espazio bakarra museoa da. Horregatik hartu behar izan dugu ateak ixteko erabakia.
Zer erran nahi duzu horrekin, ez dakizuela zehazki zer dagoen bilduman?
Bonnaten bilduman bai. Baina, 1839az geroztik hiria herri bilduma bat biltzen hasi zen, eta bilduma hori Bonnat museora ekarria izan da Herriko Etxetik. Horietako gauza batzuk galduak izan dira. Artxibo horiek guztiak zehazki ikertu beharko ditugu, eta horrek denbora eskatzen du.
Museoaren eraikineko arazo teknikoez gain, herritarren ezagutza eskasa aipatzen dituzu. Nola da posible horrelako egoera batera iritsi izana?
1979an obrak egin ziren, baina ez nahiko sakonak. Ahuleziak gutxika-gutxika agertu dira. Urak eragin dituen arazoak Baionako beste eraikin batzuetan ere agertu dira, museoaren mota bereko eraikinetan. Harrigarria dirudi berinak jarri izana Baiona bezalako hiri batean, hain euritsua izanik. Obra handiak egiteko dirua beharrezkoa da, eta museoan egitasmo sakon bat aurrera eramateko borondate politikoa dagoen momentuan heldu naiz ni.
Zein da museo honen berezitasuna?
Konparatu ezinekoa da museoa. Artezaleen obraz osaturiko bilduma bat da. Bonnatekin hasi eta Howard-Jonsthon berrienera arte, eskainiak izan zaizkion bilduma guztiak ildo berekoak dira. Museoaren eraikina ere berezia da, etxe baten barnean bageunde bezalakoa baita. Aurreko kontserbatzaileak irizpide hori garatu izan du urteetan. Baina museoa zabaldu nahi dugula-eta, diskurtsoa aldatu behar da. Museoak bere bildumak gehiago erakutsi behar ditu, gauza asko, leku eskasagatik, erakutsi gabe baitira. Bestalde, museoari buruzko argitalpen gutxi izan da. Eta kaleratu diren gutxiak, lekuko argitaletxeetara mugatu dira. Deus ez dela atera ematen du. Bonnat museoak, ikusleentzat, gutxi ezagutua den artista bati loturiko erakustoki monografiko baten itxura dauka. Ameriketako Estatu Batuetan eta Estatu espainolean ongi ezaguna da Leon Bonnat, baina Estatu frantsesean batere ez. Bere izena ezagutzen duten gutxientzat, botere politikoarekin harreman estua izan duen gehiegikeriaren arte mota bati lotuta dago. Gauza horiek guztiak kaltegarriak izan dira Bonnaten ezagupenerako, bai artista bezala, bai bildumagile eta pertsonaia ospetsu bezala.
Bada beste arazo bat. Bonnaten obrak museotik kanpo erakustea ezinezkoa dela.
Bai, esate baterako, AEBetan Bonnati buruzko erakusketa bat egin balitz pertsonaiaren inguruko interesa piztuko zen. Bonnatek bere obrak babestu nahi zituelako eskatu zuen hori. Ez zuen aurreikusi nolako bilakaera izango zuten museoek. Gaur egun obrak utziz, museotik kanpo erakusketak antolatuz eta trukeak eginez bizi dira erakustokiak. Ez gara arazo hori daukan museo bakarra, eta auzi bat bideratua dugu Bonnatek jarritako eskaera hori deuseztatzeko. Baina, luze joango da. Lortzen badugu aldaketa hori, Bonnat Baionatik kanpora hedatzeko aukera izango dugu. Badago horretan ere Bilborekin harremana sendotzeko aukera. Bilbo hurbil dago. Hedapenaren parioa lortzen badugu, Bilboko Arte Eder Museoarekiko harremana lantzeko aukera daukagu.
Harremanak eginak dituzue Bilboko Arte Eder Museoarekin?
Bat-bateko ideia bat baizik ez da izan. Baina pentsatu daiteke erakusketa komunak egitea, edo Bilboko Arte Eder Museoko obra nagusi bat Baionan erakutsi, eta aldi berean Baionako Bonnat museoko bat Bilbon erakustea, hor dauden aukerak landu. Proiektu asko egiten ahal dira, baina oraingoz sobera gauza dago kudeatzeko Baionan bertan.
Bonnat museoaren ate ixteak kexa piztu du herritarrengan. Euskal Museoa arrazoi beragatik hamabi urtez egon zen itxirik. Askok daukate oraindik gertakari hori gogoan.
Ni ere beldurtzen nau. Hamabi urte luzaro da, baina euskal Museoan arazoak beste jite batekoak ziren. Eraikina oso ahulduta zegoen, teilatua erortzen ari zen. Gu ez gaude horretan. Gure bilduma Euskal Museokoa baino klasikoagoa da. Gehienak, neurri txikiko eskulturak eta tinduak dira. Horietan bi mila bat marrazki daude.
«Teilatutik sartutako uraren ondorioz bildumaren zati bat hondatu egin da»
«Museoaren izena aldatu eta Bonnat-Helleu izendatzeko erabakia Museoen Kontseilu Gorenak hartuko du»
Bonnat museoa Baionako bihotzean kokatzen bada ere, ez du ia inongo arrastorik uzten hirian. Nahiko bazterturik dago. Zergatik da hori?
Baionak bere garapena ez du kulturari garrantzia emanez egin, ondareari eman dio lehentasuna. Lan handia egin izan da hiriko etxeetako aurrealde asko berrituak izan daitezen. Horri esker ukan du Baionak arte eta historiaren labela. Herritarren artean zabaldutako ustea den museoak artezaleei zuzenduak direla, eta ikusleei behar bezalako harrera egiteko ahalik ez daukagularik, uste hori areagotu baizik ez da egiten. Bonnat museoa oso gaizki seinalatua dago hirian. Gainera, jakin behar da Bonnat kultura jakintsua eta arte klasikoari lotuta dagoela. Ikusleak erakartzeko egitasmoak egin izan dira. Baina, ez dira itzultzen ez baitira etxean bezala sentitzen. Gainera, museoan antolatuak izan diren ekintzak ez zuten bildumarekin inongo loturarik.
Zer egin daiteke hori aldatzeko?
Museoa zaharkituta geratu da. Beraz, modernitatera egokitu behar da, eta horretarako badira baliabide berriak. Interneten aldetik ere badago zer egin.
A. B.
«Azken nahia idatzita utzi zuen Bonnatek, eta bere obrak babesteko asmoz eskatu zuen Baionako museotik at ez erakusteko»
«Askoren ustez Bonnat museoa Leon Bonnat gutxi ezagutua den artista horri buruzko museo monografikoa da»