GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio | Kazetaria

Shisha Pangma Ondarroako portutik ere ikusten da

Munduko 14. mendirik altuena da Shisha Pangma. 8.027 metrotan du tontorra. Ozta-ozta sartzen da munduko altuenen artean, baina zortzimilako guztiak igo nahi dituen mendizale orok jo behar du bertara historiaren liburu kuttunean bere izena agertzea nahi badu behintzat.

Itsas mailan jardun izan du beti lanean Aitzol Aramaiok, Shisha Pangmari Algortako portu zaharreko kale estu eta malkartsuetatik begira. Baita Ondarroako itsasertzetik ere, edo pixka bat altuago, Legorretako mendien garaiera leunetatik.

Shisha Pangmaren itzalpean bizi izan da Aitzol Aramaio «Txokolate apur bat» filmak «alpinista» profesionalaren hanka sendo eta birika hondoak eman zizkion arte.

Unai Elorriagak idatzitako «SPrako Tranbiak» lagundu zion, bai; baita filmean izan zituen aktoreen kalitateak ere -Daniel Brühl, Hector Alterio eta Barbara Goenagarekin lan egin zuen-, baina Shisha Pangmara itsas mailatik ere igo daitekeela frogatu zuen Aramaioren lanik esanguratsuenak.

Laburra izan da, ordea, Aramaiok zinemagintzan egindako ibilbidea. Laburra, baina oparoa, zalantzarik gabe, gora eta gora egin izan baitu bere ibilbide profesionalean. Kameraren atzean betiere, hainbat musikariren bideoklipak zuzendu zituen. Mikel Urdangarin, Kepa Junkera, Berri Txarrak eta PLTren doinuak irudi bilakatutakoa da.

2011ko apirilaren 24an, Aberri Egunean, zendu da Aitzol Aramaio. Urtebete lehenago, 2010eko apirilaren 24an hain justu, Tibetera abiatu zen Edurne Pasaban munduko hamalau zortzimilakoetan azkena igotzera. Sisha Pangmaren bila, hain zuzen.

1964ko maiatzaren 2an Hsu Ching txinatarrak igo zuen lehen aldiz. Eta 2005ean Piotr Morawskik eta Simone Morok mendizaleak izan ziren ibilbidea neguan egin zuten lehenengoak. Guztira 21 lagun hil dira Sisha Pangmarako igoeran. Ez du ordea Aitzol Aramaiok heriotzen zerrenda luzarazi, ez baita inoiz zortzimilakoetako mamuen beldur izan. Erraz igo eta jaitsi zen Ondarroako portutik Sisha Pangmara, txokolate apur batek eraman baitezake edonor nahi duen tokira, norberak bere imajinarioan galeratik salbatzen duen horretara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo