Bihar erabakiko dute Murillo epailea errefusatzeko Otegiren eskaera onartu ala ez
GARA | DONOSTIA
Auzitegi Nazionaleko 69. Sala asteartean bilduko da, Angela Murillo epailea eta beste bi magistratu errefusatzeko Arnaldo Otegik aurkeztu zuen eskaera aztertzeko. Epaile eta bi magistratu horiek epaitu zuten Otegi, Jose Mari Sagardui Gatza euskal preso politikoaren askatasuna aldarrikatuz 2005eko uztailean egindako omenaldiagatik.
Errefusatzeko erabaki hori ateak itxita hartuko dute, eta Manuela Fernandez de Padro magistratua izango da autoaren txostengilea.
Arnaldo Otegiren abokatuak «inpartzialtasun gabezia objektiboa» argudiatu zuen, izan ere, Murillo epaileak ahozko auzi-saioan «indarkeria irmoki» gaitzesten ote zuen galdetu zion, eta Otegik horri erantzuteari uko egitean, «banekien», bota zion Murillok. Otegik, «nik ere banekien zer galdetuko zenuen», erantzun zion.
Epaimahai horrek bi urteko kartzela zigorra eta hamaseiko gaitasungabetzea ezarri zion ezker abertzaleko kideari, «terrorismoaren gorazarrea egitea» leporatuta.
Auzitegi Gorenak zigorra bertan behera utzi zuen, ordea, pasa den otsailaren 8an , eta Auzitegi Nazionalari epaiketa errepikatzeko agindu zion, hiru epaileen partzialtasuna ikusita. Beraz, uztailaren 12 eta 13an ahozko auzi-saioa errepikatuko dute, baina Javier Gomez Bermudez epaileak eta Nicolas Poveda eta Carmen Paloma Gonzalez magistratuek osatutako epaimahaiarekin.
Bestalde, pasa den astean jakinarazi zuten Otegik espetxean jarraituko duela, nahiz eta Auzitegi Nazional espainolak «Herriko tabernen auziari» dagokionez aske uztea erabaki zuen. Ezker abertzaleko kidea kartzelan mantenduko dute, «Bateragune auzia» dela-eta.
Elkartasuna Elgoibarren
Larunbatean manifestazioa egingo dute Otegiren jaioterrian, Elgoibarren, «Euskal Herriak politika egiteko eskubidea» lelopean, ezker abertzaleko kidearen askatasuna aldarrikatzeko. Elgoibarko plazatik abiatuko dira 17.30ean.
Arnaldo Otegi kartzelatik ateratzeko ekimenak ehunka alderdi, sindikatu, erakunde eta norbanakoren sostengua jaso du, besteak beste, http://arnaldotegi.com atariaren bidez.
«Arnaldo askatu, politika askatu» plataformak azaldu duenez, 1.500etik gora atxikimendu jaso dute jada. Eskaera horrekin bat egin dutenen artean daude ezker abertzalea, Eusko Alkartasuna, Alternatiba, Aralar eta Izquierda Castellana alderdiak; LAB, Hiru, STEE-EILAS eta EHNE sindikatuak; eta hainbat pertsona ezagun, hala nola Uxue Alberdi, Maialen Lujanbio, Xabier Amuriza, Fermin Muguruza, Eñaut Elorrieta, Juan Gorriti, Jon Maia, Andoni Egaña, Carlo Frabetti eta Amets Arzallus.
Herri ekimen honek gogorazi du politikari elgoibartarra «erabaki politiko» bategatik atxilotu dutela, eta ez arrazoi juridikoengatik.