AIZKORA
Mugertza II.ak eman du ezustekorik handiena
Jon LEUNDA
Atutxa II.a, Mugertza II.a, Senosiain I.a eta Rekondo dira asteburu honetan jokatu diren Urrezko Aizkorako bi saioetan sailkatutakoak. Bai Asteasun, bai Beran sistema berari jarraitu diote. Bost aizkolari, lehenengo, denak denen aurka, 54 ontzako bat moztuz. Azkena kanpoan geratu, eta beste laurek finala jokatu zuten. Lehenengoa laugarrengoaren aurka, eta bigarrena hirugarrenaren aurka.
Asteasuko jardunaldian Otaegi geratu zen lehen fasean kanpoan, eta finaletan Atutxa II.ak Mujika menderatu zuen. 6.04 eta 7.05 izan ziren denborak. Bestean, Mugertza II.ak Senosiain II.a kanporatu zuen. 5.24 eta 6.29 izan ziren denborak. Atzo, Beran, Rodriguez II.a izan zen lehen fasean kanpoan geratu zena. Finaletan, Rekondok Ruben Saralegi menderatu zuen. 5.37 eta 6.19 izan ziren denborak. Beste finalean, Senosiain I.ak Ohian Larretxea menderatu zuen. 5.05 eta 6.32 izan ziren denborak.
23 urtez azpikoetan Alkizalete II.ak irabazi zion finala Otañori, eta hurrengo fasera sailkatuko da. Lehen fasean Eneko Saralegi geratu zen kanpoan. 15 urtez azpikoetan bi saio jokatu dira. Herenegun Zabaletak irabazi zuen eta atzo, Vicente II.ak. Etzi, 13.00etan Lazkaon izango da saioa. Bertan Azurmendi, Mugertza II.a eta Senosiain I.a arituko dira. 19 urtez azpikoen lehia ere jokatuko da eta Otaño, Vicente II.a eta Zabaleta neurtuko dira. Bestalde, ostegunean, 12.30ean Armentian (Gasteizen), Lopez, Atutxa eta Rekondo arituko dira nor baino nor.