GARA > Idatzia > Kultura

Aitzol Aramaio hil da, berezko gauzei erreparatzen zien zinemagilea

«Terminal» (2003) film laburrarekin sari ugari jaso zituen zinemagile eta gidoilari ondarroarrak eta horrek ateak zabaldu zizkion 2008an errodatu zuen lehen eta azken lan luzea gauzatzeko, Unai Iturriagaren «SPrako tranbia» eleberrian oinarritutako «Un poco de chocolate» filma egiteko alegia. Ibilbide oparotsu hau eten egin da bat-batean eta ustekabean. Aitzol Aramio hilik aurkitu zuten atzo, 40 urte eta oraindik egiteko asko zuela.

Amaia EREÑAGA | DONOSTIA

Aitzol Aramaio oheratu zenean ez omen zuen ez inolako gaitzik ez ondoezik; beraz, lo zegoela zendu eta atzo hilik aurkitu zuten. Ondarroan zegoen egun hauetan, bertakoa baitzen jaiotzez. Azken urteotan Legorretan bizi zen bere bikotearekin eta hiru urteko alabatxoarekin. Euskal zinemagilearen gorpua Lea-Artibaiko beilatokian izango da gaur egun osoan eta ondoren erraustuko dute. Datorren larunbatean, 17.00etan, Ondarroako Jai-Brian tabernan omenaldia egingo diote.

1971n jaioa, Andoaingo Zinema eta Bideo Eskolan aritu zen bere ikasketen lehendabiziko garaian, gero Urnietako Saroben Zuzendaritza (Bajo Ulloa eta Jose Luis Guerin-ekin) eta ondoren Gidoigintza ikasi zuen (Michel Gaztanbide izan zuen irakasle, handik urte batzuetara elkarrekin lan egin zutelarik «Un poco de chocolate» filmean). 1999. urtean Los Angelesera jo zuen «Julia» filmean zuzendari laguntzaile lana burutzeko, eta 2000tik aurrera ETBrentzat eta hainbat banku eta konpainiarentzat programak eta spotak grabatu zituen. 2003an «Terminal» egin zuen, bere lehen film laburra. 35 milimetrotan errodatua, Londres, Italia eta Ameriketako Estatu Batuetako hainbat jaialditan erakutsi zuen, baita sari ugari jaso ere. «Ondarroan heroinak jende asko eraman zuen eta hori kontatzeko premia sentitzen nuen», azaldu zion Euskonews-i orain pare bat urte.

Kepa Junkera, Mikel Urdangarin, Mikel Laboa eta Platero y tu bezalako musikarientzat ere bideoklipak gauzatu zituen Aitzol Aramaiok. «Terminal»ek bidea erraztu zion zinemagile guztiek amesten duen jauzia egin ahal izateko: 2008ko apirilaren 30ean estreinatu zen «Un poco de chocolate» filma. «Benetako» istorioak kontatzea beste xederik ez zuen egile honek, Unai Elorriagaren «SPrako tranbia» irakurri zuenean «barru-barrura sartu zitzaidan», adierazi zion GARAko Mugalari gehigarriari. Elorriagarekin aurrez aurre eginiko hitzordu hartan gizon umila eta sentibera antzematen zitzaion Aramaiori: «Bat etorri nintzen munduaz zeukan begiradarekin. Eta horrek sortu zidan indarra berari deitu eta proposamena egiteko (...). Niretzat oso inportantea zen asko berba egitea. Unairen etxera joan nintzen, Algortara, eta berba eta berba egoten ginen. Errespetu handia nion beste baten obra erabiltzeari, eta nahi nuen arima eta tonua mantendu».

Gidoia oinarrian euskaraz bazen ere, ekoizleek gomendatuta, gaztelaniaz errodatzeko erabakia hartu zuen, gainera, Hector Alteriok baiezkoa eman zion. Aktore argentinarra Lucas bihurtu zen, Sisha Pangma igo nahi duen gizon gaixoa. Bizitza, heriotza eta alzheimerra, dena bidaia berean elkarturik. Julieta Serrano, Daniel Brühl eta Barbara Goenagak osatu zuen aktore protagonisten taldea.

BIDAIAK

Hector Alterio argentinar aktore handia izan zen Aramaioren lehen eta azken filmeko protagonista. Unai Elorriagaren «SPrako tranbia» nobelan oinarrituta, «Un poco de chocolate» filmak era delikatu batean bizitzaren azken geltokirako bideari buruzko abentura kontatzen digu.

Kirmen Uriberen oroitzapenak

«Un poco de chocolate» filmaren estreinaldiaren karietara Kirmen Uribek hauxe ekarri zuen gogora 2008ko maiatzean GARAn «Ontza bat txokolate» titulupean: «Aitzol Aramaio umetatik ezagutzen dut, gure etxeko pareko atean bizi baitzen bere amona; solairu berean bizi ginen, bosgarrenean. Txiki-txikitatik joaten ginen Aitzol eta biok hondartzara udan eta mendira neguan. Banaezinak ginen. Eta txiki-txikitatik joaten ginen igandero zinemara, garai haietan ez baitzegoen plan hoberik igandeetan, zer edo zer erakargarria egiteko.

Igandeak haurrentzat arropa berria janzteko egun aspergarriak baino ez ziren orduan. Garai haietan hiru zinema areto zeuden gure herrian: Bide Onera, Alameda eta Pesca. Gaur egun bakarra baino ez da geratzen, Bide Onera izenekoa, eta bera zaharkituta dago. Baina gure sasoian aretoak haurrez gainezka egoten ziren, arratsaldeko lauretan hasten zen emanaldirako. Sarrera berrogeita hamar pezeta ordaintzen genuen urte haietan.

Aitzolen ama, Manolita, kezkatuta joan zitzaion behin gure amari. Esan zion arduratuta zegoela semearekin. Izan ere, Aitzolek gezur asko esaten zituen. Horren kezkatuta zegoen ezen medikuarengana joatea erabaki zuten, Aitzolek gaitzen bat izango zuela susmatzen zuten. Baina medikuak irribarre egin zion Manolitari. Esan zion egia zela bere semeak gezurrak esaten zituela, baina ez zen Aitzol mutil maltzurra zelako edo gurasoak engainatu nahi zituelako, gezur horiek sinistu egiten zituelako baino. Aitzolentzat gezur horiek egiak ziren, benetan gertatzen ziren fantasia haiek. `Zure semeak irudimen handia du, horixe da dena' esan zion medikuak. Horixe zen haurrak zuen gaitza. Lasaitu egin zen medikuaren bisitarekin Manolita, eta gauzak beste era batera hartzea erabaki zuen ordutik aurrera.

Geroztik, Manolitak egia izango balira bezala hartzen zituen semearen gezur txikiak, ez zen haserretzen semearekin. Jolas hari jarraitu egiten zion amak. Eguna joan eguna etorri, haurra handitu egin zen eta egun batean gezurrak esateari utzi zion Aitzolek. Irudimena beste gauza batzuetarako erabiltzen hasi zen gutxika-gutxika. Susmoa dut Aitzolen antzekoa izango zela Unai Elorriaga bera ere txikitan».

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo