Josebe EGIA
Herriak eta herriarentzat
Herrialde arabiarretan gertatzen ari dena itxaropen-haizea da beste hainbat tokitako jende askorentzat, berehalako helburuak norberaren inguruneari egokiturikoak badira ere, askatasunak utopia izateari utz diezaiokeela sinesteko arrazoia izaten ari da.
Itxaropen hori bereziki indartsua da munduko emakumeengan, kontuan hartuta oro har eskubide gutxiago ditugula, botere politikoak eta eremu pribatuak mugatuago -edo erabat baliogabetuta- gaituztela, botere erlijiosoek horrela izan dadin bultzatzen dutela, pobreziak eta honek dakarren bazterkeriak ez digutela parte-hartze guneetarako sarbidea eta erabakiak hartzeko ahalmena ematen, beste hainbat gaitzen artean.
Hortaz, botere politikoaren aldaketa ekarriko duen iraultzaren sustatzailea herria bera denean, herri osoa, hots, emakumeak barne, protesta eta borroketan gizonekin batera, maila berean, parte hartuta, gizartea bera ere aldatuko delako esperantza ez da hutsala, eta hala izanarazteko exijentziari erantzuna emateko garaia ezin daiteke berandutu, are gutxiago baztertu. Iraultza egiten ari diren herrialde horietako emakumeek argi dute unea dela, ez dela bat-bateko garaipena izango jakin arren, eta tinko diraute gizarte osoaren bestelako nahi guztiekin batera aldarrikatzen.
Tunisian hasitako iraultza-olatua zabaldu egin zen, Tunisian edo Egipton jazotakoa ez baldin bada ere eskema beraz errepikatzen ari, Libiako gerra zibilak eta beste toki batzuetako errepresio hiltzaileak erakusten ari zaizkigun bezala. Herrialde guzti horietan, ordea, badago izendatzaile komun bat: herriaren borondate irmoa. Urte luzeetako zapalkuntza, ustelkeria eta mendekotasunarekin bukatzekoa. Emakumeak, horri guztiari, euren egoeraren bereizgarriak gehitzen ari zaizkio, zapalduen artean zapalduenak eta isilarazienak izan baitira.
Tunisian, berriz ere, eman zaio lehen pausoa aldaketa horren garaiari: demokrazia paritarioa ezarri duen lehen herrialde musulmana da. Bertako parlamentua «kremailera-zerrendekin» osatuko da, alegia, emakumeak eta gizonak lehen izenetik azkenera txandatuko dituzten zerrendekin. Eta batera idatziko dute euren herrialdearen etorkizunaren oinarri izango den Konstituzio berria. Emakumeen ahotsaz ere bustita.
Bere herrialdeak ere, Egiptok, hain zuzen, bide berari jarraituko diola ziur dagoen neska gazte bati irakurri diot guk, mendebaldekook, euren hijabari baino ez diogula begiratzen, jantzi ala ez jantzi erabakiak benetan zeri erantzuten dion kezkatuta, euren askatasun ezaz edo bizi duten matxismo basatiaz ari garela, eta ahaztu egiten zaigula zapi horiek daramatzaten buruen barneko garuna. Euren eztabaidatzeko, aukeratzeko, adosteko eta erabakitzeko gaitasunari muzin egiten diogula.
Ados erabat. Utz diezaiogun urrunetik ezagutzen ditugun kulturak eta emakumeak epaitzeari eta erakuts diezaiegun iraultzaren olatua hartu duten emakume horiei guztiei begirunea, elkartasuna eta laguntza, umiltasunetik, euren borroka euren erara egin dezaten, gure aldetik, behintzat, hori baino ez dute merezi eta.