GARA > Idatzia > Mundua

Polizia palestinarrek ultraortodoxo bat hil eta erasoei ekin diete kolonoek

Zendutako gaztea Israelgo Kultura ministro Limor Livnaten iloba zen, eta sarbidea mugatua duen Jose patriarkaren hilobitik ateratzean hil zuten. Aginte Palestinarrak ikerketa agindu du, «segurtasun auzi» baten ondorioa izan dela esan duen arren. Israeldarrek erasora jo dute.

p021_f01180x140.jpg

GARA | CISJORDANIA

Nabulus herrian dagoen Jose patriarkaren hilobiari ezkutuan egindako bisitaldia garesti irten zaio israeldar ultraortodoxo talde bati, horietako baten heriotzarekin zein beste hainbaten zauriekin amaitu baita bihurrikeria. Atzo goizaldean jazo zen gertaera, goizaldeko seietan, zelatan zebiltzan polizia palestinarrek hilobiaren inguruan mugimendu susmagarriak nabaritu zituztenean; segurtasun indarren iturriek jakinarazi dutenez, arrotzak uxatzeko hainbat tiro jaurti zituzten poliziek, airera lehenbizi, baina erantzunik ez jasotzean, bidean hautemandako hiru autoak tirokatzen hasi ziren, barruan zeudenak joz. Horietako bat ordu batzuk beranduxeago hil zen, jazoeraren tokitik gertu den base militar israeldar batean; beste bost lagun, berriz, Nabuluseko kokagune batean artatu behar izan zituzten balek eragindako zauriak sendatzeko.

Hildako israeldar ultraortodoxoari, 24 urteko Ben-Yosef Livnati, atzo eman zioten azken agurra, erlijiokide zituen dozenaka lagunen babesean. Jerusalemgo Elon Moreh kokagunean bizi zen, eta hantxe egin zituzten, hain justu, bere aldeko hileta elizkizunak. Horren ostean, Jerusalemgo Olibondoen Mendiko kanposantuan lurperatu zuten.

Gaztea Israelgo Kultura ministro Limor Livnaten iloba zen, eta harenak izan dira, hain zuzen, lehen gaitzespen hitzak: «Aurrez pentsatutako eraso baten aurrean gaude, poliziaz jantzitako terrorista baten erasoaren aurrean. Errezoan ziharduelako hil dute, ez besterik; errugabea zen», deitoratu du. Ehud Barak Defentsa ministroa ere zentzu berean mintzatu da, ekintza horretarako «inongo justifikaziorik» ez dagoela nabarmenduz. Kolonoak biltzen dituen Samaria Batzordeak, aldiz, are hitz gogorragoak baliatu ditu gertaera definitzeko: «Polizia palestinar bakoitza balizko terrorista bat da», azpimarratu zuen ohar bidez.

Aginte Palestinarrak, bere aldetik, ikerketa abiatu du tiroketaren nondik norakoak argitzeko; alabaina, gertatutakoa «segurtasun auzi baten ondorioa» izan zela ohartarazi nahi izan du, ezer baino lehen.

Sionisten erasoak

Gazte ultraortodoxoaren heriotzak eraso oldea eraman du palestinarren lurretara, harriak eta suzko zuziak eskuetan, Hawara herriari eraso egin baitzion atzo israeldar talde batek. Bidean aurkitutako auto eta etxeak harrikatu zituzten, eta zenbait etxe erretzen ere ahalegindu ziren.

JOse-ren hilobia

Berez debekatuta dago Jose patriarkaren hilobia bisitatzea aurrez aginte palestinarraren baimenik izan gabe, haien esku baitago bigarren Intifadaz ¯2000. urteaz¯ geroztik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo