GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Zaloa Ibeas, Mattin Etxabide eta Urtzi Ostolozaga LABen izenean

Maiatzaren Lehenean gazteok Bilbora!

Gazteok gara Euskal Herriko oraina eta etorkizuna, guk osatzen dugu etorkizunik gabe utzi nahi duten kolektiboa. Euskal langileok gure lan eta bizi baldintzak erabakitzeko beharra dugu, eta beste inorena baino gehiago gazteona da erantzukizuna geure etorkizuna erabakitzeko

Azken 15 urteetan, ziklo ekonomiko positibo deiturikoan, langileon eskubideak murrizten joan dira, bereziki emakume eta gazteon eskubideak, prekarietatea ezarriaz, aberastasunaren banaketa gero eta injustuagoa eginaz (Europa mailan aberastasun banaketa injustuenetarikoa duen herria da gurea), etxebizitza bezalako oinarrizko eskubide bat espekulaziorako erabiliaz, eta abar.

Gutxi batzuek itzelezko aberastasuna pilatzeko baliatu dute aro hau, administrazio eta instituzioak nahierara erabiliaz, esku gutxitan metatutako aberastasun hau soilik inbertsio espekulatiboak garatzeko erabili da, ekonomia errealean inongo islarik ez duten inbertsioetan, eta egindako gehiegikeriek ekarri gaituzte gaur egun jasaten ari garen krisi basati egoera honetara. Gure lanaren kontura aberastasun itzela pilatu dute bai, eta orain, horrenbesteko irabazirik ez dutenean, edo galerak izaten hasi direnean, horiek guk ordaintzea nahi dute, horretan ari dira.

Gobernu guztiak -bai zentralak bai autonomia erkidegokoak- urte hauetan egin duten gauza bera egiten ari dira orain ere: baliabide publikoak kapital pribatuaren eskuetan jarri, gure etorkizuna merkatuen esku utziaz, honek sorturiko desorekak honen logika perbertsoak konponduko dituelakoan.

Gazteontzat egoera hau ez da berria, ondo dakigu aurretik ere soldata txikiak izatea zer den, behin-behinekotasuna zer den, babesgabetasun egoera zer den, beka edo praktika kontratuak zer diren; azken batean, bizi proiektu bat eraikitzeko ezintasuna zer den. Baina krisi honen aitzakiapean burutzen ari diren erreformak egoera hori oraindik gehiago kaltetu baino ez dute egiten.

Lan erreformak, langabeziaren arazo larriari aurre egin beharrean -izan ere, lan merkatuan gauden hiru gaztetik batek ez daukagu lanik-, lan baldintzak are gehiago kaskartuko dizkigu, esaterako oraindaino ikasketak amaitu eta gero bi urteko epea bazen praktika kontratuak egiteko, epe hori bost urtera luzatu dute, eta soilik soldataren %60 eskuratzea dakar horrek, edota formaziorako kontratuen hedapenaren handitzea, modu horretan kotizazio sozialak kentzea ahalbidetuz eta enpresei eskulan merkea erraztuz.

Pentsio erreformak edozein langilerentzat kalteak dakartza, eta bereziki emakumeak eta gazteak jartzen gaitu egora larrian: emakumeek oraindik ere ez dute enplegu duina bermatua eta oraindik ere biziraupenerako lan guztiak beren gain erortzen dira, eta horrek bizi laboral iraunkor bat izatea ia ezinezkoa bilakatzen du, eta beste horrenbeste gertatzen da gazteekin. Gainera, ia ezinezkoa izango da pentsio duin bat eskuratzeko kotizatu beharreko urte guztiak betetzea.

Lotsagarria da langileak 67 urtera arte lanean izatea, noiz eta gazteontzat lan merkatura sartzea gero eta zailagoa denean, guztiz ezinezkoa bihurtuko zaigunean, noizbait behar bezalako pentsio bat kobratzea, bereziki emakume gazteen kasuan, zailago baitute lan merkatuan sartzea eta baldintza txarragoetan sartu ohi baitira. Pentsioaren eskubidea ere pribatizatu nahi dute, espekulaziorako beste tresna bat gehiago babes gabe utziaz behar gehien dituztenak.

Benetan egoera kaskarra da bizi duguna, urteetako borrokari esker lortutako eskubideak galtzen ari gara egunez egun, eta orain galera hori izateak esan nahi du etorkizunean oso zaila izango dugula galdutako eskubideak berreskuratzea.

Gure lanarekin aberasten diren horiek gure lan eta bizi baldintzak jartzen dituzte jokoan, gure bizi proiektuekin jolas egiten dute, gure osasunarekin. Azken urtean 80tik gora langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian. Kopuruak behera egin du, baina ez horretarako neurriak jarri direlako, egoera ekonomikoagatik (lanpostuen gutxitzea, besteak beste). Aurrerantzean, ordea, kopuru horrek gora egingo du, lan erreformak dakarren prekarietatea kontuan izanda, prekarietatea eta lan istripuak eskutik baitoaz.

Euskal Herrian bizi gara eta bertan egiten dugu lan, baina gure lan baldintzei dagozkien erabakiak Madrilen eta Parisen hartzen dira. Hego Euskal Herriari dagokionez, bertoko gehiengo sindikala osatzen dugunok bestelako eredu baten alde lanean dihardugun arren, gutxiengoa osatzen duten sindikatuek, patronala eta administrazioaren eskutik gaizki deitutako elkarrizketa sozialaren mahai horretan euskal langileon aurka doazen erabakiak hartzen jarraitzen dute. Guk, sortutako egoera latzari erantzuteaz gaiz, alternatiba badagoela aldarrikatzen dugu. Hori adierazteko hiru greba orokor burutu ditugu, eta beste bat administrazioko murrizketen aurrean, 130.000 langileren atxikimendua jaso duen neurri dekalogoa kaleratu dugu, eta berriki Galiziako, Kataluniako eta Kanarietako beste hainbat sindikaturekin Madrilen izan gara geure lan harremanak geure herrian erabaki nahi ditugula aldarrikatzeko.

Gazteok gara Euskal Herriko oraina eta etorkizuna, guk osatzen dugu etorkizunik gabe utzi nahi duten kolektiboa. Horregatik igandean, Maiatzaren Lehenean, Bilboko kaleak gazte iraultzailez bete behar ditugu, euskal langileok gure lan eta bizi baldintzak erabakitzeko beharra dugu, eta beste inorena baino gehiago gazteona da erantzukizuna geure etorkizuna erabakitzeko eskubidea aldarrikatuz kalera jauzi egiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo