Literaldia, euskal literaturaren leiho katalana
Euskal literaturak leiho bat izango du Bartzelonan bihar hasi eta maiatz bukaera artean. Literaldia euskal literaturaren jaialdi luze eta mamitsua da, Bartzelonako Euskal Etxea, UAB, UB eta Hizkuntz Eskolak antolatua. Euskal idazle eta artista ugarik parte hartuko dute, euskal literaturaren berri emateko asmoz. Poesia errezitaldiak; hitzaldiak, euskal liburuetan landutako gaiei buruzkoak zein euskararen zapalkuntzari buruzkoak; liburu aurkezpenen bat... eta horien osagarri, musika eta irudiak. Ia hilabete osoa euskal literaturarentzat, Euskal Herritik kanpo, bere bide propioa aldarrikatzen duen beste herrialde batean, hain zuzen, eta ez kasualitatez, hortaz. Bi herrion arteko zubi txiki bat ere izan liteke Literaldia, kultura txikiek, areago globalizazio uniformatzaile betean, elkarren arteko zubiak behar baitituzte. Elkar ezagutu eta ahal duten neurrian munduari ezagutaraztea beharrezkoa baitute. Euskal literaturak erronka garrantzitsuak ditu oraindik bere esparruan bertan; hala ere, bere kanpo proiekziorako aukerak ere baliatu behar ditu. Aukera horietako bat da Literaldia. Izan ere, euskal literatura ere badela jakinarazi behar du, eta halaber erakutsi, txikia izanagatik, beste edozein bezain on edo kaskarra izan daitekeela, badela; isilarazia egon izanaren ondorioak arrastaka daramatzala berekin, baina horiek ere gainditzeko gai dela.